Nafarroako 22 Toki Entitateko Euskara zerbitzuak antolatzen dute urtero Etxepare saria. Helburua haurrendako euskarazko album ilustratuak sortzea da, eta urtero bezala, Pamiela argitaletxearen eskutik saritutako lana argitaratzen dute. Ekainean jakinarazi zuten aurtengo irabazlea Amaia Egidazu Arrube zela Dorotea lanarekin, eta orain, udazkenean, liburua kaleratu dute.
Patxi Zubizarreta idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea eta Idoia Sobrino liburuzaina izan dira aurtengo edizioaren epaimahaikideak eta Dorotea liburuaren testuaz esan dute, "paralelismoak, segidak eta errimak eskaintzen dizkigu, oihartzuna landuz, josta gaitezen". Ilustrazioaz honakoa esan dute: "Bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen".
Amatxi bakardadean egunerokoaren deserotasunean eta eragozpenen aurrean konponbide bila aritzen dela kontatzen du Dorotea ipuinak. Etxepare saritik aipatu dutenez, "Album petoa, oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun". Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa biltzen ditu albumak.
Amaia Egidazu Arrube berriztarra da Dorotea-ren egilea. Umetatik naturarekiko begirunea izan du, eta zaletasun horrek biologia ikastera eraman zuen. Ingurumena eta energia berriztagarrien sektorean lan egin ondoren, haurren pedagogiarekiko interesa piztu zitzaion eta arlo horretako formakuntzetan murgiltzera bultzatu zuen. Gaur egun, amatasuna eta eskola aktibo bateko lana uztartzen ditu. Tamara Chubarovskyren errima sortak eta ipuinak euskarara itzuli eta moldatu ditu eta haurrendako ipuin kontaketak egiten ditu ere. Dorotea idazten eta ilustratzen duen lehen liburua da.
Saria
2021eko Etxepare Sariko albuma argitaratuta, sariaren antolatzaileak hurrengo edizioa prestatzen ari dira dagoeneko. Urtea hasi bezain laster saria aurkezteko baldintzak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. Aurreratu dutenez, haurrei zuzendutako album ilustratuak aurkez daitezke, album ilustratu bezala testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak ulertzen direlarik. Lehiaketan bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte har daiteke, eta egileek nahi beste lan aurkez ditzakete. Sari bakarra emango da: 5.000 eurokoa eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du. Lanak Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880, Leitza helbira bidali behar dira.