Astekaria

Beharrezko bidaiak

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko aza. 2a, 14:00

Arkaitz Flores Mazkiaran zutik eskuinean eta Itsaso Ginea Berastegi eserita espedizioko lankideekin Senegalgo ospitalean. UTZITAKOA

Itsaso Ginea Berastegi erizain arbizuarra eta Arkaitz Flores Mazkiaran erizain laguntzaile altsasuarra hamar egunez Senegalen egon dira haur eta gazteei ebakuntzak egiten.

Dagoeneko heldu den urteko espedizioa prestatzen ari dira, eta Senegaletik etorri berriak dira Itsaso Ginea Berastegi arbizuarra eta Arkaitz Flores Mazkiaran altsasuarra. Biek Nafarroako Ospitaleko Virgen del Caminon lan egiten dute, ebakuntza geletan, erizain eta erizain laguntzaile, hurrenez hurren. Hamar egunez Iruñeko ospitaleko operazio gelaren erosotasuna eta beharrezko material guztia utzi, eta Senegalgo Saint-Louis hirira joan dira Hope and progress Gobernuz Kanpoko Erakundearekin bertako haurrei eta gazteei laguntzera. Ginearen bigarren espedizioa izan da Afrikara, Floresena lehenengoa.

"Eguzkitik eguzkira" lan egitera joan dira Senegalera, hamar egunez. 2019. urtean joan zen arbizuarra lehenengo aldiz Afrikara. Orduan Ganbiara joan zen. "Kasualitatea izan zen. Orduko nire buruarekin hitz egin nuen". Elkartasuna eta kooperazioa etxean jaso dituen baloreak direla esan du Gineak, "eta beti interesatu zait". Bere nagusiari laguntzeko aukeraren bat ateratzen bazen esateko komentatu, eta Carlos Bardají Nafarroako Ospitaleko zirujau pediatrikoko buruarekin harremanetan jarri zuen. Bardajík Hope & Progress GKE sortu zuen eta dagoeneko 1000 ebakuntza baino gehiago egin ditu Senegalen eta Ganbian. Bartzelonako lagun batekin sortu zuen, Afrikara lehenengo espedizio bat egin ondoren. "Biak bakarrik joan ziren, eta pixkanaka jendeak laguntzera joan nahi zuela esaten zieten". Horrela sortu zuten Hope & Progress.

"Ganbiara joan ginen eta kristoren esperientzia izan zen". Esperientziaren nondik norakoak Floresi kontatu zizkion, "burua berotu", eta horrela animatu zen altsasuarra ere. "Horrela izan zen pixka bat, bai. Aurreko aldian joan zirenean horri buruz hitz egiten zuten, eta azkenean berotu nintzen ni ere. Goazen esperientzia hori bizitzera". Irailaren 25ean GKEren 28. espedizioan joan ziren bi sakandarrak Senegalera.

Elkartasuna
Ebakuntza sailean, Gineak eta Floresek gertutik ezagutzen dutena, horrelako erakundeetan parte hartzeko oso "proaktiboak" direla aipatu du arbizuarrak. "Duela pare bat aste itzuli gara. Gu joan gara kirurgia pediatrikoa egitera, baina hilabete bukaeran beste GKE batekin traumatologia talde bat doa". Talde honek beste gauza batzuk egingo dituela azaldu du, "baina toki antzekora doaz, Senegalera". Aurten Hope & Progress erakundeak hiru kanpaina egin ditu, irailekoa, urtean hirugarrena.

"Ganbiara joan ginen eta kristoren esperientzia izan zen"
ITSASO GINEA BERASTEGI

Beharren araberako espedizioak izaten dira. "Ebakuntza gelaren barruan lan egiten ikusten gaitu. Futbol partida batean bezala da, bera ikuskaria da eta berak erabakitzen du nork jolasten duen eta nork ez", azaldu du Gineak. "Ulergarria da bere ardurapean joaten garelako. Bera da burua eta berak egiten du guztia". Kanpainan parte hartzen dutenen "perfil jakin bat" izan behar dutela aipatu du Floresek. "Lana egitera zoaz, hemen bezala, baina hango egoerarekin". Joan aurretik batak eta besteak nola egiten zuten lan bazekiela esan du; "zer maila eman genezakeen eta zer espero zezakeen gugandik".

Afrika
"Hemen egiten dugun lan bera egitera goaz". Baina baldintza desberdinetan. Aurretik ez dute formazio berezirik jasotzen. "Gure esperientzia besteei kontatu diegu". Lehenengo bidaian, beraz, "ea zer aurkituko duzun" beldurrarekin joan dira biak, eta horregatik aurkituko dutena aurretik ezagutzea nahiago dutela esan du: "Errealismo asko ematen diozu", esan du Floresek. "Joaten zara pentsatzen hemen bezala lan egitera joan behar duzula, baina ez". Afrikara doaz "Laguntzera joaten zara, baina material justuarekin".

Bidaia "luzea" izan zela aitortu dute. "Baina ongi". 07:00etan atera ziren Euskal Herritik eta bertako 04:00etan iritsi ziren. Bidaiaren gastu gehienak haien poltsikoetatik ateratzen dira, "eta merkeago ateratzeko, dagoena da". GKE bat denez, boluntarioak eta dirulaguntzak daudela azaldu dute. Esaterako, Andra Mari ikastolaren laguntza jaso zuten. Ikastolan bildutako materiala eraman zuten ere. "Inplikatu dira, eta oso pozik", esan du Gineak.


Hope and progress GKEaren espedizioa Senegalen. UTZITAKOA

Hara iritsi eta lehendabiziko inpresioa "zenbat pobrezia eta daukaten gutxi horrekin zein pozik bizi diren" izan zela azaldu du Floresek. "Denak baloi batekin korrikan leku batetik bestera, gu txikiak ginenean bezala". Kaletarrak, kaleaz gozatzen. Hori ikusi zuten. "Miseria handia dute, baina zoriontsu dira".

Lehenengo egun horretan goizean goiz iritsi zirenez haien buruei deskantsatzeko "tarte txiki bat" eman zieten, "baina gutxi", laster ospitalea ezagutzera joan zirelako. Ginea: "Ez dela berez ospitale bat". Saint-Louisen zeuden, Mauritaniarekin mugan dagoen hiri bat. Arezko mihi bat bezalakoa da, eta dena "area eta itsasoa" da.

"Lana egitera zoaz, hemen bezala, baina hango egoerarekin"
ARKAITZ FLORES MAZKIARAN

Saint-Louiseko arrantzaleen kalean zeuden, hain zuzen, Floresek azaldu duenez, "pobrezia gehien zegoen tokian". Ebakuntzak egin behar zituzten gela erditze-gela baten antzekoa zen, "zikina", eta lehenengo egunean "dena garbitu" behar izan zuten. Ginea: "Eta erabaki nola muntatu ebakuntza gela bat bertan; ez dagoelako ezer". Zerotik operazio gela bat egin behar zuten. "Ohatila bat zegoen. Ez zegoen urik ere".

Haien rolak zeintzuk ziren "gutxi gorabehera" ezagutzen zituztela azaldu du arbizuarrak. "Baina zer egin behar genuen ez genekien". Flores: "Erakundearen presidentea espedizioa joan aurretik joaten da kontsulta pasatzera, beraz, badaki zeintzuk diren gutxi gorabehera artatu beharko diren haurrak eta zer ebakuntza egin beharko diren". Lehenengo egunetarako plangintza bat egiten du. "Lehenengo egunetarako erabiltzen dugu, azaldu du Gineak. Operazio gela muntatzen zuten bitartean kontsulta pasatzen aritu zela esan du. "Lehenengo egunean bete genituen operazio guztiak ia aste osorako".

Baldintzak

Zerotik operazio gela bat egin behar zute: "Ohatila bat zegoen. Ez zegoen urik ere"

Ura eta elektrizitatearen falta sumatu dute gehienbat. "Ur iturri bat zabaldu ahal izatea. Hori izan da hutsunerik nabarmenena". Ura "balde batetik" hartzen zutela esan dute. "Azkenean buruari bueltak emanez lortzen duzu ura. Kanpin batean bezala", azaldu du altsasuarrak. Dutxa hoberena euria egin zuenean hartu zutela esan du Gineak. Argia noizbait joan zitzaiela ere esan dute. "Bi ebakuntzaren erdian, gainera". Frontalak jarri, eta aurrera egin zuten.

Senegalgo osasun sistema pribatua da, eta sakandarrak egon diren tokian sisteman sartzeko zailtasunak dituztela esan dute. "Guztia musutruk eman dugu, bestela beraiendako dirua da eta askok ez dute ahalmenik", azaldu du Gineak. Minarendako analgesikoa eros dezakete, gehienez.

Ebakuntzak "maila txikikoak" ziren, baina "tentsioan" jartzen zietenak izan dituzte ere

Egiten zituzten ebakuntzak "maila txikikoak" ziren. "Baina batzuetan marroiren batean sartzen gintuzten; pixka bat tentsioan jartzen gintuztenak". Berez ebakuntzak ez ziren konplikatuak, baina baliabide eskasa zailtasun handiena zen. "Gauza konplikatzen bada, okerrera joaten da dena". Floresek azaldu duenez, hemen lan egitera ohituta daude, eta zerbait gaizki ateratzen bada, "edozein momentutan beste lankideren baten edo material espezifikoaren laguntza izan dezakezu". Han dagoena, dagoena da. "Tentsioa eta adrenalina" handiko lana izan da. Ginea: "Orduan, dauden baino okerrago utzi behar ditugu?". Aurretik kasu bakoitza aztertzen dutela esan dute. "Denen arteko kontsentsu batetik ateratzen dira interbentzioak. Bai edo ez erabakitzen dugu". Denek hitz egiten badute ere, zirujauak eta anestesistak dira gehien hitz egiten dutenak.


Arkaitz Flores eta Itsaso Ginea ezkerretik lehenengoa eta bigarrena Senegalgo ospitalean. UTZITAKOA

Egun osoa ebakuntzak egiten pasatzen zuten. 07:00etan iratzargailuak jotzen zien, "beno, gosaria 07:00etan hartzen genuen, hobeki esanda". Gosaltzen zuten eta jana hartzen zuten. Lo egiten zuten tokitik inprobisatatutako ospitalera 20 minutu zituzten oinez, eta gutxi gorabehera 19:30ean itzultzen ziren etxera.

Irakasleak
Ginea eta Flores sakandarrekin batera Nafarroako Ospitalean lan egiten duten lankideek eta Kataluniako eta Madrileko proesionalek osatzen zuten espedizioa. "Aniztasuna egon da, oso aberatsa izan da". Lan egiteko orduan "espero ez genituen" rolak hartu dituztela azaldu du Gineak, "eta oso interesgarria izan da aurreiritziak haustera ere behartu gaituelako". Esperientzia, alde guztietatik begiratuta, indartsua izan da.

Elkar komunikatzeko frantsesa erabiltzen zuten, eta haiekin itzultzaile bat zegoen. "GKE honek ere ona daukana da ez goazela bakarrik bertan zenbait gauza egitera eta listo. Bertako bi pertsona egon ziren gurekin ikasten", azaldu du Gineak. Bat anestesistarekin egon zen eta bestea Floresekin: "Edozein laguntza ongi etortzen zaizu. Haiek ziren familien eta gure arteko bitartekariak". Edozein laguntza ere ongi datorkie.


Itsaso Ginea Berastegik Hope & Progress GKEk ebakuntzak egin ditu Senegalen. UTZITAKOA

Hamar egun egon dira, baina harreman oso onak egin dituzte. Ginea: "Badaude milaka istorio, baina batzuek bereziki ukitu gaituzte. Adibidez, bazegoen zortzi urte inguruko ume bat egunero etxetik lanera joaten ginenean, txanda desberdinetan bazen ere, bertan egoten zena argazki kamera txiki batekin". Ikusten zituenean kameran klik egiten zuen. "Baina ez zeukan argazkirik". Jostailuzko kamera bat zen, eta egunero itxoiten zien. "Foto, foto esaten zigun". Azken egunean beraiengana joan ziren azken eguna zela esatera, "eta negarrez hasi ziren eta gu ere bai". Egunerokotasunean horrelako istorioak bizi izan dituztela esan dute. "Azken egunean agur festa bat egin ziguten eta auzokide guztiak etorri ziren. Beren hizkuntzan eskerrak ematen zizkiguten"

Beharra

Bizitza begiratzeko beste modu bat eskaini die esperientziak, eta itzuliko dira

Senegalgo espedizioan parte hartzeko bi sakandarrek oporretako egunetatik eta lankideekin txandak aldatuta lortu dituzte bidaiarako egunak. Afrikara zihoazela baliatuz, laneko hamar egunen ondoren, herrialdea ezagutzeko bost egun gehiago gelditu ziren bertan. "Urteko egutegi osoa aldatu genuenez, aprobetxatu genuen". Pandemia egoera zela eta aurten egutegia prestatzea zailagoa izan dela azaldu du Gineak, "lankideek azken momentura arte ez zekitelako oporrak eman zizkieten edo ez". Senegalera joateko txerto txartel bat eraman behar izan dute. Sukar horirako txertoa jarri behar izan dute, eta malariarako Malarone izeneko pilulak hartu behar izan dituzte. "Egunero pilula bat, joan aurretik, han geundela eta bueltan".

Afrikatik itzuli berri dira, baina dagoeneko itzultzea pentsatzen ari dira. "Ahalik eta listoen, hobeki. Ahalko banu…", esan du Gineak. Laguntza eta beharra duen beste herrialde batera joateko prest daude, baina "joan eta etorri ibiltzeko". Argi dago esperientziak "kateatzen" duela. "Jendeari esaten nion: Afrikara joan behar dut, eta arrazoi gehiago pandemiarekin, desintoxikatzera hemendik joan behar dut; burua garbitu eta buelta". Bizitza begiratzeko beste modu bat eskaini die esperientziak. Lan egiten aritu diren arren, "errutinatik ateratzeko" aukera eman die, Floresek esan duen bezala: "Lagunekin joan gara eta barre asko ere egin dugu". Lagunek galdetzen diotenean "bueltatzeko gogoarekin" gelditu dela erantzuten du.


Arkaitz Flores Mazkiaran Senegalgo haur batekin. UTZITAKO

"Kontzientziatzeko aukera ere ematen du. Hemen duguna ez dela egia konturatzeko. Errealitate puntu bat eman behar diogu bizitzari". Espedizioaren ondoren "aldatuta" etorri dira. Gauzei beste balio bat ematen diote. Horregatik ere itzuli ondoren lehenengo astea "oso gogorra" izan zela esan dute. "Orain oso gertukoa dugu, eta lanean esan ziguten lurreratu beharko genukeela". Hemen dagoen "xahutzea" aipatu dute aste gogorra izatearen arrazoietako bat. "Baita bertan denek agurtzen gintuztela, eta hemen, inork ez; jendea telefonoarekin doa". Hala ere, denborarekin "ahaztuko" zaiela aipatu du Gineak. "Zertzelada batzuk dira, eta ahazten joango gara".

Turismoa
Hamar egunez Saint-Louisen lan egin ondoren, Ginea eta Flores Dakarren egon ziren. "Lankideak agurtzera joan ginen, eta gu bertan gelditu ginen". Bizitutako esperientziatik "deskantsatzeko eta hausnartzeko" ongi egon zen turismo pixka bat egitea ere. Senegalgo hiriburuan ikusi zituzten gauzen artean Floresek portuan bizitutako esperientzia nabarmendu du: "Kayukoak ateratzen ikusten genituen. Hango arrantzaleak dira eta gauez arrantzatzera joaten dira. Hor genbiltzan eta bat-batean amona bat arraina garbitzen ikusten zenuen, eta zure gainean erortzen zen guztia. Zig-zag egiten ibili behar izan ginen mugitzeko". Momentu handia izan zela aipatu du. Gineak Ile de Goree aipatu du: "Bertatik bidaltzen zituzten esklaboak Ameriketara". Heldu den urteko irailean itzultzea espero dute.


Arkaitz Flores Mazkiaran, lehen planoan, Itsaso Ginea Berastegi, ezkerretik hirugarrena, eta lankidean Senegalen. UTZITAKOA