Pilota

Promozioko finala Altsasun jokatuko da

Guaixe 2021ko aza. 3a, 10:37
Iraitz Zubizarreta izanen da Joanes Bakaikoaren arerioa igandean Altsasun jokatuko den final handian.

Joanes Bakaikoak eta Iraitz Zubizarretak igandean jokatuko dute Lau eta Erdiko Promozioko finala, Burunda pilotalekuan 17:00etan hasiko den jaialdiko partida nagusian. Materiala bihar, osteguna, aukeratuko dute, 12:30ean

Aspe eta Baiko enpresek atzo erabaki zuten non jokatuko den Promozio mailako Lau eta Erdiko finala. Finala igandean hartuko du Altsasuko Burunda pilotalekuak (17:00etan, ETB1) eta orduan ikusiko da Bigarren Mailako Txapela nork janzten duen, Joanes Bakaikoak edo Iraitz Zubizarretak. 

Promozioko finalerdietan bi errioxar zeuden, Dario eta Zabala, eta bazirudien bietakoren bat finalera sartuz gero finala Errioxan jokatzeko aukera mahai gainean zegoela, baina ez direnez sailkatu, azkenean finala Altsasura ekartzea erabaki dute enpresek. 

Joanes Bakaikoak eta Iraitz Zubizarretak bihar, osteguna, 12:30ean aukeratuko dute materiala, Burunda pilotalekuan. 

Altsasuko jaialdia
Jaialdia 17:00etan hasiko da binakako partida batekin. Julen Martija etxeberriarrak Elordirekin osatuko du bikoa, Peña II.aren eta Salaberri II.aren kontra jokatzeko. Ondoren Bakaikoaren eta Zubizarreta III.aren finala jokatuko da, eta, bukatzeko, beste binakako partida bat izanen da. Dariok eta Etxebarriak Agirre eta Elizegi izanen dituzte aurkari.