Areto Futboleko Hirugarren Mailan Uharte Arakilgo Aralar Mendik puntuak ezin bildu jarraitzen du. Larunbatean Bonel Construcciones Ablitas taldearen kontra jokatu zuten sakandarrek, eta 4 eta 1 galduta itzuli ziren Erriberatik. Bigarren minuturako aurreratu zen Ablitas, eta 25. minutuan bigarren gola sartu zuten Erriberakoek, Aralar Mendiko Jon Arenazak ate propioan sartutakoa. Hiru minutu beranduago Jon Arenazak berak Aralar Mendiren aldeko gola sartu zuen, aurreko akatsa konponduz, eta berriro partidan sartu zen Aralar Mendi. Baina Ablitasen beste bi golek uharte arakildarren asmo guztiak zapuztu zituzten.
Orkoienen Kirol Sportek Xota hartu zuen larunbatean, oso borrokatua izan zen lehian. Hamargarren minuturako 0 eta 2 aurreratu zen Xota, Beñat Jakak sartutako bi golei esker, bigarrena penaltiz, baina Kirol Sport partidan sartu zen, 22. minutuan sartutako golarekin. Hala ere Xotak aldea handitu zuen Aritz Morgadok 25. minutuan sartutako golarekin, baina Kirol Sportek ez zuen etsi eta bukaeran hiruna berdintzea lortu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia.
Hirugarren mailako sailkapenean Ribera de Navarra talde tuterarrak jarraitzen du lider (hemezortzi puntu) eta Aralar Mendi bederatzigarren postura jaitsi da (lau puntu). Xota hamabigarrena da (bi puntu).