Urriaren 24an Los Llanosen jokatutako Lizarrako Krosak 2021/2022ko kros denboraldia mustu zuen. Aipatu lasterketa, aldi berean, Nafar Kirol Jolasen 1. jardunaldia izan zen, eta, horretaz gain, Kluben Arteko Nafarroako Txapelketa. Kategoria guztiak kontuan hartuta, 900 korrikalari inguruk parte hartu zuten Iranzu klubak antolatutako Lizarrako Krosean, parte hartze errekorra.
Lizarrako Krosean emakumezkoek 7,2 km eta gizonezkoek 9,3 km osatu behar izan zituzten, goiz hotz baina eguzkitsuan. Emakumezkoetan Beste Iruña klubeko Estela Navascués izan zen txapelduna (26:11), Hiru Herriko Vanesa Pacharen (26:41) eta Beste Iruñako Izaskun Beunza olaztiarraren (26:43) aurretik. Horrela, Izaskun Beunzaren Beste Iruña izan zen Kluben Arteko Nafarroako Txapelduna eta olaztiarrak azaroaren 20an eta 21ean Sevillan jokatuko diren Espainiako Kluben Arteko Txapelketan aritzeko txartela lortu du.
Gizonezkoen mailan ere lasterketa oso borrokatua izan zen, baina, azkenean, Grupompleo Pamplona Atletico taldeko Javier Nagorek irabazi zuen (28:14), Atletico Barañain taldeko Daniel Zurbanoren (28:31) eta Hiru Herriko Atarratze Beñat Rotaren (28:48) aurretik. Hiru Herriko Israel Arbizu etxarriarra zazpigarren sailkatu zen (29:31), Beste Iruñako Asier Estarriaga etxarriarra hamazazpigarren (31:19), Beste Iruñako Adur Senar lakuntzarra 23. (31:41) eta Beste Iruñako Iraitz Senar lakuntzarra 28. (32:09). Kluben Arteko Nafarroako Txapelketa Israel Arbizuren Hiru Herrik irabazi zuen, Ardoi klubaren eta Beste Iruñaren aurretik. Klub txapeldunek Sevillan jokatuko den Espainiako Kluben Arteko Txapelketan aritzeko txartela lortu dute.