Partzuergoko epaitza saldu nahi dute

Guaixe 2021ko aza. 10a, 09:04
Irurtzungo eta Etxeberriko ikuspegia. ARTXIBOA

Etxeberriren eta Irurtzunen arteko herri basoan dago baso aprobetxamendua. Azaroaren 23ra arteko epea dago Irurtzungo udaletxean proposamenak aurkezteko.

Etxeberriko Kontzejuak eta Irurtzungo Udalak partekatzen duten basoko epaitza saldu nahi dute. Horregatik, plegu itxiko enkantea deitu dute; hasierako prezioa 32.891,9 euro (BEZ kanpo) da.  Epaitza larizio pinuz dago osatuta gehienbat, nahiz eta pinu eta pago batzuk ere badauden. Mozketaren bolumena, guztira, 2.468,1 m³ da, baina kopuru horretatik, 90 m³, Etxeberrin bertan utzi beharko dira 2022ko garilaren 30etik agorrilaren 15era bitartean. Beraz, zurgilearen esku 2.378,1 metro kubiko geldituko dira.  

2020-2021 Aprobetxamendu eta Hobekuntza Planean jasoa dago aipatu epaitza. Etxeberri inguruko hainbat tokitatik zuhaitzak ateraz osatuko da: Oilargaieta, Auzolar, Madalenzulo, Aizkibelgo bidea, Astigaria, Etxeberri, Estrentxi, Las Chozas eta Itxirriaga.