Astekaria

Cederna Garalurrek hiru hamarkada bete ditu

Guaixe 2021ko aza. 10a, 10:01

30. urteurren ekitaldialdira joan zirenetako batzuk. CEDERNA-GARALUR

Nafarroako Mendialdeko tokiko ekintza elkarteak 30 urte egin ditu. Arbizuko Utzubar industrialdean, Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan du egoitza Garalurrek.  

Nafarroako Mendialdearen gizarte eta ekonomia garapena bultzatzea izan da Cederna Garalur elkartearen helburua hasieratik, 1991tik. Horretarako, Mendialdeko eragileekin elkarlanean ari da, eskualdeko herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten toki garapeneko estrategiak martxan jartzeko, zerbitzu publikoen eta pribatuen sarea sendotzeko, herritarrak landa eremura erakartzeko eta bertan daudenak bertan jarraitzeko. Horretarako, Garalurrek landa-eremuak bultzatuko zituen eta lurraldea kohesionatuko zuen garapen estrategia landu du, eta ekimenak gauzatzeko diru funtsak erakarri ditu. 


Susana Mendinueta Flores eta Oskia Lazkoz Munarriz.

Garalurrek Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan du Sakanako egoitza. Oskia Lazkoz Munarrizek eta Susana Mendinueta Floresek lan egiten dute han. Sakandarrei hiru kontutan laguntzen diete. Batetik, ekonomia jardueraren bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei harrera egin eta laguntza eskaintzen diete. Esaterako, negozio ideia zehazten, dirulaguntzen berri ematen eta tramitazioan laguntzen eta bideragarritasun plana egiten. Bestetik, udalen proiektuak aurrera ateratzeko laguntza ematen dute. Eta, azkenik, Europako Feader funtsarekin eta Nafarroako Gobernuaren diruarekin osatutako Landa Garapenerako Programa dago. Hartara egitasmoak aurkeztuko dituztenei dirulaguntza eskaera egiten laguntzen diete. 

Hiru hamarkada
Elkarteak bere 30. urteurrena Urraulgoitiko Santa Fe ostatuan ospatu zuen. Bertan elkarteko garai bateko eta egungo talde teknikoa, Nafarroako Gobernuko eta udaletako ordezkariak eta iraganean eta gaur egun Garalurrekin lankidetzan ari diren erakunde eta enpresetako ordezkariak izan ziren. Antolatzaileek topaketa “iraganeko proiektuak gogoratzeko, iraganeko esperientziak partekatzeko, Garalurren egungo eta geroko proiektuei buruz hitz egiteko eta landa eremuak dituen erronkei buruz hausnartzeko abagunea” bilakatu nahi izan zuten. 

Garalurreko ordezkariek elkarteak 1991n sortu zenetik egindako bide luzea ekarri zuten gogora. Elkarteko zuzendari-kudeatzaile Ibon Mimentza Iralak Garalurrek abian jarritako azken proiektuak azaldu zituen, Nafarroako Mendiaren egungo interesekin bat datozenak, besteak beste: energia aholkularitzako zerbitzua; Mendialdea Elikadura edo Toptopa, tokiko landa merkataritzarako market place esklusiboa. “Hori guztia, betiere, gure lurraldearekin lankidetza estuan landua. Hortik dator Cederna Garalur elkartearen urteurrenaren leloa: 30 urte zurekin”. 

30 urteko datuak 
Tokiko 1.000 proiektu kudeatu ditu, edo kudeatzen lagundu. 
Azken 7 urteotan 768 enpresa eta 900 lanpostu sortzen lagundu du.