Astekaria

Amiantoaren biktimendako konpentsazio funtsa indarrean jartzea eskatu dute

Guaixe 2021ko aza. 9a, 10:04

Amiantoaren biktimendako funtsa indarrean jartzeko eskatuz idatzia aurkeztu zioten Nafarroako Parlamentuko presidenteari. ADAVAN

Nafarroako Parlamentuari eskatu diote Espainiako Gobernuari exijitzeko konpentsazio funtsa desblokeatu eta berehala martxan jarri dezala. Aldi berean, foru agintariei eskatu diote Nafarroan Amiantoa Kentzeko Plan Zuzendaria martxan jar dezala.

Nafarroako Amiantoaren Biktimen Laguntza eta Defentsa Elkarteak, Adavanek deituta, Nafarroako Parlamentuaren parean kontzentrazioa egin zen ostegunean. Estatuko gainontzeko parlamentuen parean ere bilkurak egin zituzten amiantoko biktimen elkartearen federazioak, Fedavicak deituta. Guztietan lelo bera zabaldu zuten: Amiantoak hiltzen du. Konpentsazio funtsa orain!

Amiantoaren Biktimendako Konpentsazio Funtsaren Lege Proiektua onartu zen apirilaren 13an. Adavaneko kideek atzo salatu zutenez, “Espainiako Gobernuak, inolako justifikaziorik gabe, proiektua blokeatuta du. Izan ere, batzordearen hainbat luzapen egin ditu, horrela Legea onartzea eragotziz”. Gogorarazi zutenez, “Lege Proiektua Eusko Legebiltzarrean 2017an aurkeztu zen eta hauteskunde deialdiengatik eta beste hainbatetan atzeratu da”. Adavaneko kideen kezka da “konpentsazio funtsa Estatuko Aurrekontuekin batera orain onartzen ez bada, finantzaziorik gabe eta bazterrean geldituko dela”. Halako funtsak Europako hainbat herrialdeetan daudela gogorarazi zuten. 

Nafarroako agintariendako eskaera ere badute Adavaneko kideek: herrialdean Amiantoa Kentzeko Plan Zuzendaria martxan jartzea. “Plan ona da, bere garaian Estatuan aitzindaria izan zena, eta aurreko legegintzaldian parlamentuko talde guztiek aho batez onartu zutena”. 

Kalbario bikoitza 
Adavaneko kideek nabarmendu dutenez, amiantoaren biktimek eta haien familiek oinaze aldi bikoitza dute. Batetik, “gaitzak garatu dituzte enpresen arduragabekeriagatik, enpresek bere erabilera lehenago ez debekatzeagatik, segurtasun neurrien faltagatik eta administrazio publikoen geldotasunagatik”. Bestetik, “kalbarioa da biktimek beraien eskubideak aldarrikatu behar izatea, laneko gaixotasun gisa hartzeko tramitazioa, bizi kalitatearen okertzea. Izan ere, enpresek eta administrazioek prozesuak urtetan neurrigabe luzatzen dituzte. Ondorioz, biktima asko prozesuak bukatu aurretik hiltzen dira”. 

Amiantoa 
Amiantoa, Asbestoa edo uralita asko erabili zen XX. mendean industrian, garraioan eta etxeetan. Toxikotasun handiko minerala da. Arroka naturaletatik ateratzean zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du, eta arnastu edo irensten badira, biriketan edo beste erraietan iltzatu daitezke, gaitzak eraginez: minbizia, asbestosia, perikardioa, pleura mesotelioma…