Joanes Bakaikoa Satrustegik igandean Iraitz Zubizarreta Agirre izango du aurkari Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den Promozioko Lau eta Erdiko finalean (17:00etan, ETB1). Atzo, osteguna, egin zuten material aukeraketa. “Berak azpitik gehiago ibiltzen diren pilotak aukeratu ditu, eta nireak pixka bat sendoagoak dira, bote handiagoa dutenak” azaldu zuen Bakaikoak. Ondoren, Burundan entrenatzeko aprobetxatu zuen.
Final oso estua aurreikusten da eta etxarriarrak argi du estrategia: “Nik dominatzea. Buruz buruko partidetan dominatzen duenak asko du irabazita. Defentsan ongi egotea garrantzitsua da, baina defendatzeaz aparte eraso egin behar da, defentsan partida gutxi irabazten baitira. Eta horretan saiatuko naiz, berari ni erasotzen ez uzten, eta nik berak baino gehiago erasotzen, hau da, jokoaren ekimena hartzen” azpimarratu du Bakaikoak.