“Orain txapelaren bila noa” aipatu zuen Joanes Bakaikoa Satrustegik aurreko astean, eta dagoeneko bere etxeko bitrinan dago kokatuta, duela hiru urte lortu zituen beste bi txapelekin batera. Bizitzaren bueltak. Pilotari etxarriarrak Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketako final handia jokatu zuen atzo, igandea, Altsasuko Burunda pilotalekuan, Ataungo Iraitz Zubizarreta pilotariaren kontra, eta merezimendu osoz lortu zuen txapela, eremu guztietan nagusi izan baitzen: sakean (5 egin zituen sakez, eta falta bat), jokoan (9 tanto egin zituen jokoan) eta erasoan. Soilik 2 akats egin zituen, Zubizarretaren 8 akatsen parean, 246 pilotakada eta 45 minutu iraun zituen partidan. Atzokoarekin, egun promozio mailako kaiolako bi txapela eta buruz buruko txapela bat dauzka.
Bi pilotarien kuadrillek eta zaleek kolorea eman zioten Burunda pilotalekuari. Final hasieratik, pilotarien aldeko pankartak eta animo oihuak izan ziren nagusi. Giro bikainean, bi pilotariak parez pare hasi ziren, lehia estuan, baina zazpiko berdinketaren ondoren Joanes Bakaikoak partida hautsi zuen, hamaika tanto egin baitzituen segidan, 18 eta 7 aurreratuz. Oso ongi aritu zen etxarriarra. Jokoaren ekimena hartu zuen, sakez min asko egin zuen eta frontoiaren alde batetik bestera mugitu zuen Zubizarreta III.a, bere onetik ateraz.
Azkenean, 22 eta 10 irabazita, merezitako txapela lortu zuen, eta oso kontentu zegoen etxarriarra. “Pozik nago nire helburua lortu dudalako, hau da, jokoaren ekimena hartu, nire jokoa egin eta sakez mina egin. Jonen aholkuak jarraitu ditut (Jon Mariezkurrena izan zen bere botileroa) eta pilota txokotik txokora mugitu dut, Zubizarreta behartuz eta mina eginez. Eta emaitza primerakoa izan da” zioen Bakaikoak.
Gurasoendako
Txapela gurasoei eskaini zien. “Sufritzea tokatu zait, eta beraiek badakite zer nolako lana egin behar izan dudan lesioari eta bestelakoei buelta emateko. Niregan sinisten dut, eta garai okerrenetan ere nire buruan sinisten jarraitu dut, senitartekoen babesa izan dut eta horregatik, eta zalantzarik gabe, txapela hau gurasoendako da, beraiek badakitelako pasatu dudan guztia” gaineratu zuen, hunkituta. Txapela janztea handia da, baina sari potoloa du txapela honek: 2022ko Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusian aritzea. “Hori da saririk handiena” nabarmendu zuen etxarriarrak.