Joanes Bakaikoa Satrustegi pilotaria une oso gozoan dago. Astelehenean Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketarako finalerako txartela lortu zuen Logroñoko Adarragan, Dario Gómez Gilen kontra jokatutako finalerdi gogor eta estuan, eta igandean Iraitz Zubizarreta Agirre izango du aurkari Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den finalean (17:00etan, ETB1). 2018an Promozioko kaiolako txapela lortu zuen Bakaikoak Peña II.ari 16 eta 22 irabazita, eta urte berean Buruz Buruko promozioko txapela jantzi zuen Erasun 17 tantotan utzita. Igandean bere hirugarren txapela lortu nahi du, kaiolako bigarrena.
Astelehenean Darioren kontra jokatutako finalerdia oso lehiatua izan zen. “Egia esan, oso gogorra. Ez dakit ongi edo gaizki jokatua izan zen, baina fisikoki oso gogorra izan zen, biok lehertuta bukatu genuen” azaldu du etxarriarrak. Hasieran paretsu ibili ziren, gero Bakaikoa aurreratu zen, baina Dariok ongi erantzun zuen eta 19 eta 16 aurreratu zen. Etxarriarrak hortzak estutu zituen, sekulako defentsa egin zuen, eta partidari buelta emateko gai izan zen azken txanpan, 20 eta 22 gailenduz. “Berdinduta joan ginen partida osoan zehar eta tentsioa erabatekoa zen. Askotan pentsatu gabe ematen genion pilotari, ez genekien tantoa nola bukatu ere, eta bioi kosta egin zitzaigun, baina partidan egotea lortu nuen, partidatik ez ateratzea, eta oso pozik nago egindakoarekin” gaineratu du.
Partidatik ez zen atera
Defentsa on batek, ez etsitzeak eta eustearen indarrak nolako garrantzia duen erakutsi zuen Bakaikoak. “Banekien berak batez ere botera abiadura handia ematen diola pilotari, eta ni saiatu nintzen defentsan ahalik eta hobekien egoten. Nahiz eta erasoan sentsaziorik onenak ez izan, partidan ahalik eta hobekien zentratuta jarraitu nahi, ez nuen partidatik atera nahi, eta helburua lortu nuen: partida gogortzea eta nire alde ateratzea” aipatu du.
Bakaikoa partida bakarra galduta iritsi da finalera, eta gainontzekoetan maila oso ona emanda. Belauneko lesio batetik atera dela kontuan hartuta, sari ederra. “Oso pozik nago. Banekien nirea egiten banuen finalera iristeko aukera nuela, baina, aldi berean, edozeinek irabazi ahal zidala, zaila delako. Beti esaten dut Lau eta Erdikoa orain oso azkarra dela eta edozeinek irabazi ahal duela” dio aurrelari etxarriarrak.
Zubizarreta, “oso arriskutsua”
Zubizarreta III.a arerio latza dela uste du. “Astelehenean berak Zabalaren kontra jokatutako finalerdia ikusi nuen eta oso ongi ikusi nuen. Pilotari oso bizia da, pilotari abiadura ematen dio. Dariok agian botera ematen dio abiadura gehiago, eta Zubizarretak airera. Airez oso ongi moldatzen da eta kolpe handikoa ez den arren, aurrean oso gaiztoa da. Pilota efektuarekin asko mugitzen du eta oso arriskutsua da” horiek Zubizarreta definitzeko etxarriarraren hitzak.
Asteartean merezitako atsedena hartu zuen Bakaikoak. Ez omen zuen “halako palizarik” aspaldian hartu. Baina asteazkenetik burua finalean du eta buru belarri entrenatzen ari da. Atzo, osteguna, egin zuten material aukeraketa. “Berak azpitik gehiago ibiltzen diren pilotak aukeratu ditu, eta nireak pixka bat sendoagoak dira, bote handiagoa dutenak” azaldu zuen Bakaikoak. Ondoren, Burundan entrenatzeko aprobetxatu zuen.
Dominatzea, gakoa
Finaleko estrategia zein izango den argi du etxarriarrak: “Nik dominatzea. Buruz buruko partidetan dominatzen duenak asko du irabazita. Defentsan ongi egotea garrantzitsua da, baina defendatzeaz aparte eraso egin behar da, defentsan partida gutxi irabazten baitira. Eta horretan saiatuko naiz, berari ni erasotzen ez uzten, eta nik berak baino gehiago erasotzen, hau da, jokoaren ekimena hartzen” azpimarratu du Bakaikoak.
Laugarren finala
Promozio mailako laugarren finala jokatuko du igandean Bakaikoak. Lau eta Erdian Altsasukoa bigarren finala izango du, beste biak Buruz Burukoak izan baitziren (2018an Promozioko Buruz Buruko txapelduna izan zen eta 2017an txapeldunordea), baina ez du bere burua faborito ikusten “txapelketa horiek aspaldi jokatu zirelako. Igandekoa lehenengoa balitz bezala hartzen dut eta final honek ilusio handia egiten dit. Baita berari ere. Esango nuke biak antzeko egoeran iritsiko garela finalera” uste du etxarriarrak.
Altsasun lehenengo aldiz ariko da profesional gisa, eta “sekulako ilusioa” duela aitortu du. “Herritik oso gertu dago, Sakanan bertan, eta horrek beti ilusioa pizten du. Esan didatenez eta ikusi dudanez, Altsasukoa frontoia zorrotza da. Sakeak ongi egiten badira eta jokoaren ekimena hartuz gero, min handia egiten da, eta ni nirea ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz” argi du etxarriarrak.
Txapelaren bila
Bakaikoak igandeko txapela nahi du. “Finalean egonda pozik nago, baina orain txapelaren bila noa. Badakit ongi jokatuz gero nire aukera dudala, baina berak ere badu berea. Partida batera, ikusiko dugu zer pasatzen den. Ni orain arte emandako mailarekin pozik nago eta espero dut horrela jarraitzea. Eta txapela lortuko banu, lehendabizikoa balitza bezala ospatuko nuke. Edo agian gehiago, gaizki pasatzen denean gero gehiago disfrutatzen delako. Ikaragarri disfrutatuko nuke” nabarmendu du. Burundak erabakiko du.
Jaialdiko beste partidak
Jaialdia zabaltzen duen partidan, Elordik eta Martijak Peña II.a eta Salaberri II.a izanen dituzte aurkari, eta final handiaren ondoren, Dariok eta Etxebarriak Agirreren eta Elizegiren kontra jokatuko dute.