Azaroaren 1etik azaroaren 21era luzatuko da Aiarako Kuadrillak berariaz prestatutako Txakoli-Bizi enoturismoaren hilabetea. Bisitariei eskualdeko ateak parez pare irekitzea du helburu egitasmoak.
Bilbo zein Gasteiztik gertu dagoen eskualdea da Aiaraldea, ingurune natural ikusgarri batean kokatuta. Bertako herrietan orotariko jarduera kulturalak egin daitezke, eta ugariak dira bisitariek aurkituko dituzten museoak. Gastronomia aberatsa duen zonaldea ere bada Aiaraldea, eta hain zuzen ere Aiaraldeko gastronomiako produktu izarrari jarriko diote arreta enoturismoaren hilabetean: Txakolina.
Txakolina ardatz
Aiaraldeko upategietako sekretuak argitara aterako dituzte enoturismoaren hilabetean, eta horretarako jarduera sorta prestatu dute. Azaroaren 7an Showcooking-a eskainiko du Amurrioko San Anton Plazan Luis Angel Plágarok, Gasteizko Sukalki Plágaro tabernako kideak. Arratsaldean, ordea, Amurrioko Likorearen Museoa bisitatzeko aukera egongo da.
Azaroaren 13rako Gure Ahaleginak eta Artomañako txakolindegietara irteera prestatu dute, eta Mikel Garaizabalek gidatutako dastaketaz gozatzeko aukera egongo da. Gainera, doako garraioa antolatu dute txakolindegietara joateko; autobusa 10:15etan abiatuko da Laudiototik eta Luiaondon zein Amurrion egingo ditu geldiuneak. Buelta 13:30ean egingo dute.
Azaroaren 14an, berriz, Enoturismoaren Munduko Eguna dela probestuz, brindisa egingo dute Arcos de Quejana jatetxeko baso margotuan.
Azkenik, eta egitarauari amaiera emateko, bigarren Showcooking bat eskainiko dute azaroaren 20an Laudioko Aldai Plazan. Oraingo honetan Zigor Iturrieta ETB1-eko Txoriene saioko aurkezleak gidatuko du Showcooking-a
Ekintza guztiak doakoak izango dira, baina aurretik izena ematea derrigorrezkoa izango da. Horretarako aiaraldea.org atarian sartzea besterik ez dago. Bestalde, ekimenean parte hartzen duten tabernetan eskualdeko txakolina edo bermuta eskatzen duten guztien artean Txakolinarekin senidetutako menuak zozketatuko dira.