Astekoa

Argindarra

Denon ahotan bolo-bolo dabilen arazoa dugu argindarraren  prezioarena. Egunero entzuten dugu albistegietan argindarra zer preziotan ordainduko dugun hurrengo egunean, bidenabar, 
horren zergatiaren azalpena ematen zaigu eta, badirudi, behin eta berriz entzutearen poderioz, ideiaren bat hartzen ari garela zergatik ordaindu behar dugun halako dirutan argindarra. Ezin 
dugula ezer egin hori aldatzeko ere esaten zaigu eta etsitzea besterik ez zaigu gelditzen. Aho zabalik gaude halako harridura puntuarekin.

Egoerak denoi eragiten badigu ere, horretan, neurri batean bederen, pandemiaren antzekoa da. Hala ere, baldintza kaxkarragoetan bizi diren herritarrei askoz gehiago, beti bezala. 

Gezurra eta sinestezina dirudi horrela egotea, baina halaxe gaude. 

Ez dakit gauza handirik gai honi buruz, baina esanen nuke, arazo honek azkenean energia enpresei ere eraginen diela, ze azken finean bestelako enpresa handiak kalte handiak jasaten ari dira haien etekinetan eta horiek presioa ere eginen diete prezioak beste modu batera arautzeko. Pentsa horrelako prezioek zer-nolako eragina izanen duten Administrazioak dituen zerbitzu eta eraikin guztien gaineko gastuetan (hezkuntza, osasunbidea...) edo Sakana Kooperatiba bezalako enpresen gain, adibide bat jartzearren.

Gezurra dirudiela esaten dut ze ezagutzaren gizartean gauden honetan, nahi izan denean eta ezagutza, jakintza, giza baliabideak eta horretara dedikatutako baliabide ekonomikoak egon direnean (alegia ere, bazeuden), zeinen azkar sortu den COVID19aren aurkako txertoa. Beharrik! 

Nola da posible gaur egungo energia iturri eta ereduei beste modu batera aurre ez egitea? Hain zaila al da? Non daude oztopoak eta erresistentziak aurrera egiteko? Nork jartzen ditu oztopoak? Apika, gurpil zoro hori hausteko mikro mailan eragin beharko ditugu aldaketak, ea horrela posible den makro mailara ailegatzea. Abestiak dioen bezala Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan,ikusiko den/k nola-nola laister eroriko dan.

Austriako Gobernua hasi omen da bere gizartea itzalaldirako prestatzen. Ez da ideia txarra, horrela gizartea prest izanen dute balizko egoera horretarako eta, bien bitartean, jendea kontzientziatzeko ere balioko duela uste dut.