Helburua bertako haziak ugaltzea da.
1. Nola izan da parte hartzeko prozesua?
Arakilgo Udala hasi zen mugitzen eta bertako haziak izan zitzakeen jendea bilatzen ari ziren. Nik baratze txiki bat nuenez galdetu zidaten. Ez neukan hazirik. Nire amonaren etxean bazuten baba beltz txiki bat eta aspaldi aitak landatzen du, eta esan ziguten oso antzekoa izan zitekeela beste baba batzuekin, nahiko zaharra zela. Horrela sartu nintzen.
2. Eta zergatik sartu zinen?
Interesgarria iruditu zitzaidalako. Azkenean, bioaniztasun asko galtzen ari da jendeak barietate berdinak erosten ditugulako. Agian hauek ez direlako hain politak, edo ekonomikoki aldea dagoelako. Lana eskatzen du ere. Azkenean, haziak hartu behar dituzu, landareak hazi, hartu eta hazia hartu berriz ereiteko. Beste modura aldiz landareak erosten dituzu, landatzen dituzu eta listo.
3. Beraz, zer egin behar duzue?
1970ko hamarkadan konturatu ziren bioaniztasuna galtzen ari zela eta hazi banku batzuetan jendeak emandako herrietako haziak gordetzen hasi ziren. Udaletik harremanetan jarri ziren banku horiekin bertako haziak lortzeko, eta orain berreskuratzeko eskatu dute. Sakanako haziak bidaltzeko prozesua geldoa da. Jaso nuen lehenengo hazia Ihabarko perejila izan zen. Hazia hartzen duzu, ereiten duzu, eta gero landarea lortzen denean landare hori banatzen duzu, eta beste batzuk hazirako gordetzen dituzu.
4. Lana eta ardura ere dadira.
Pertsona bat baino gehiago arduratzen da hazi horiek landatzeaz, ereiteaz eta ugaltzeaz. Jendearen artean banatzen da. Komeni da landare osasuntsuak eta bioaniztasun gehiago izateko ahalik eta landare gehienen haziak jasotzea. Nik hiru letxuga uzten baditut eta Egiarretako beste batek beste hiru, nahasten dira, eta hobe izango da barietate hori mantentzen laguntzeko.
5. Jateko aukera izan duzue?
Landare batzuekin, bai. Adibidez, txitxiloak oso gutxi eman zizkiguten eta ez ditugu jan, baina datorren urtean hazi gehiago izango ditugunez... Letxugak jan ditugu eta Ihabarko barietateko azak eman zizkiguten ere. Hamazazpi eman zizkiguten eta hamar bat jateko aukera izango dugu. Mantentzeko ona da probatzea ere.
6. Desberdintasunik nabaritzen dira?
Desberdina ikusten da. Adibidez, letxuga mota asko daude: kukulu handiagoak edo txikiagoak dituzte, hosto gehiago dituztenak… Uda honetan jan genituen hemengo letxuga horiek hosto asko zuten eta oso handiak ziren. Haritz hosto delakoaren antzekoa zen. Oso goxoa. Lakuntzako kalabazin beltza ere finagoa da.
7. Noiz biltzen zarete?
Normalean hazia erein baina pixka bat lehenago. Orain, udazkenean, bildu ginen. Bioaniztasun Whatsapp taldean 50 bat pertsona gaude, baina haziak ugaltzeko bileran hamabi edo hamalau pertsona egongo gara.
8. Baldintzaren bat bete behar zenuten?
Ez. Baratzea izatea. Gero batzuk barietate batzuk hartu dituzte, eta beste batzuk besteak. Esaterako, nik esan nuen ez nituela guztiak hartuko, gero jango nituenak hartuko nituela. Gainera, landare batzuk errazago hibridatzen dira, eta hori ez zaigu komeni. Beste barietate bateko landare berdina baldin baduzu oso gertu eta erraz hibridatzen badira, hurrengoan ez duzu ez bata ez bestea izango. Ona egongo da, baina ez da guk nahi duguna. Hori kontuan izan behar da ere.
9. Landareak hobe egokitzen direla nabaritu duzu?
Edozein landarek eskatzen duen lana eskatzen dute. Letxugak jartzen badituzu asko ureztatu behar dituzu, babak gutxi… Oraindik goiz da esateko hobe egokitzen diren. Orain arte ez nituen letxugak edo babak ereiten, eta orain Hiriberriko hazi batzuk erein ditut. Ez dakit nola aterako zaizkidan. Baina nabaritu dut aza, brokoliak, romaneskuak eta famili horretakoak izaten dituzte har batzuk eta Ihabarko azak aurten eman dizkiguten landareetatik hostoak garbi daudela. Ikusiko dugu aurrerago.
10. Nola kontserbatzen dituzue?
Haziak gordetzen ditugu landatzeko garaia iritsi arte. Hazia oso lehorra egon behar da. Landarea lehortzen utzi behar da, ondoren, txikitzen da hazia ateratzeko eta bahetzen dira. Garbitzen joaten dira hazia lortu arte eta gero poltsa batean sartzen dira eta poltsa hori kristalezko bote batean. Garrantzitsuena lehortzea eta lehorra egotea da.
11. Urte bateko prozesua da?
Badaude landare batzuk bianualak direla. Esaterako, porruak ereiten dira urte bartean eta hurrengo urtean hartzen dira haziak. Letxuga urtekoa da. Ereiten duzu, eta hazia urte horretan bertan ateratzen du.