Altsasuarra igandean izan zuen azken laneguna, jubilatu egin baita. Hamalau urtetatik aritu da lanean.
1. Zenbat denbora daramazu bentan lanean?
Zabaldu zenean egon nintzen. Ondoren, Altsasura lan egitera jaitsi nintzen, etxetik gertu nuelako, portua jaisten orkatz batek jo ninduelako… Oroitzapen atsegina nuen. Beti penatu ninduen jaitsi izanak, eta hemen lan egiteari utzi eta bentara bueltatu nintzen. Hura, pixka bat, nire etxea da.
2. Zergatik da zure etxea?
Lankide eta nagusi onak izan ditudalako. Lankideak dira ez nagusiak, pixka bat familiakoak bezala dira. Nire bigarren etxea da, han nirean baino ordu gehiago pasatzen baditut ere.
3. Mila metrotara dagoen etxea da.
Igotzerakoan, askotan, lainoa dago. Gogorra da, egun batzuetan lainoa jasotzen ez delako. Tentuz igo eta jaitsi behar zara. Edo elurra egin, eta autoetatik elurra kendu behar izan digute atera ahal izateko. Baina gauza asko ematen ditu. Ditudan bezeroak, familia bezala babesten zaituztenak. Laguntza ugari. Behar baduzu, edozeini eskatu eta laguntzen dizu. Mendizale eta txirrindulari ugari. Bihotzean ditut. Pasako jende asko, bueltatzeko aukera badu, pasa eta agurtzen zaitu. Eta beti eskertuta daude. Ni haiei ere. Ostalaritzan asko jasan beharra dagoela esaten dute. Ez dakit. Denok dugu izaera, baina pertsona bati ongi hitz egiten badiozu, errespetatzen baduzu, eta edukazioz jokatu, sekula ez duzu talkarik. Ditudan bezero on guztiei eskerrak besterik ezin dizkiet eman. Egun hauetan jasotzen ari naizen maitasuna… Jendea, propio, agurtzera joan da. Hori ez da ahazten.
4. Hainbeste urteren ondoren komunitatea sortu duzue?
Bai. Funtsezkoena da hor lan egin dugunean taldea garela. Ez gara nagusia, langilea… Taldea gara. Taldea batuta badago, dena ongi doa.
5. Zer eskaintzen du bentak?
Sukaldaria dena da. Bera gabe ni ezin izanen nintzatekeen egon. Nire lankide, laguna, zapia, ahizpa izan da. Estutu dezakezu eta sekula ez du ezer esaten. Atera, atera eta atera aritzen da. Sukaldeak ez badu funtzionatzen… etxeko sukaldaritza, gure amonen eta gurasoena bezalakoa. Azkenerako jendeak hori bilatzen du, gustura jaten duena. Han txistorra pintxoa erregea da.
6. Bertako produktuak saltzen dituzue?
Mendiko artzainen gazta saltzen dugu. Eta nagusi den txistorra. Pintxoan bakarrik saltzen dugu, baina kanpokoa delako edo ona dagoelako eskatzen badizu, eta baldin badugu, saltzen dugu.
7. Beti ostalaritzan lan egin duzu?
Ez. Orain bolada luzea daramat ostalaritzan. Baina urtetan fabriketan lan egitea tokatu zitzaidan, eta asteburuan ostalaritzan aritzen nintzen. Guztiz desberdinak dira. Beharbada ostalaritza gogorragoa da, asko ibiltzen zara, baina bizigarria da. Lantegia piezak, piezak, piezak, piezak egitea da. Monotonoagoa da. Abantaila da zubiak, opor egunak jarraian, ordutegi finkoa dituzula. Ostalaritzan sekula ez diot erlojuari erreparatu. Pozik gelditu naizenean, gauzak ongi eginak utzi ditudanean, itxi eta etxera noa.
8. Ostalaritza bokaziozko lana da?
Ez dakit. Beti esan dut: ohetik jaiki eta bezeroekin egotera joateko gogorik ez dudanean, hobe dut etxean gelditzea.
9. Pandemiarekin, zer moduz?
Guztiagatik izugarri gogorra izan da. Ezin izan dugu lanik egin. Pentsa han goian: terraza, eta eguraldi txarra. Denetarik tokatu zaigu. Oso gogorra izan da. Eta etxean egondako egunak ere, egoera ikusten duzulako. Nire nagusia izan banintz, ez dakit. Hor izan gaitu, tiratu dugu. Guztiendako gogorra izan da, berarendako eta guretako.
10. Zein plan duzu iganderako?
08:15ean lanean hasi eta ez dakit noiz bukatuko dudan. Igandero bezala utziko dut, astelehenetan jai baitut. Batzuek galdetzen didate atzera kontua egiten ari naizen. Ez ditut sekula kontatu. Orain pentsatzen ari naiz zer eginen dudan gora joateko 08:00etan etxetik atera behar ez dudanean.
11. Eta, zer eginen duzu?
Seme bat Iruñean bizi da, eta gutxi ikusten ditudan ilobak ditut. Beste seme bat Gasteizen dut. Gehiago elkartzeko aukera gehiago izatea. Hori baitu ostalaritzak, gainontzekoek jai dutenean zuk lan gehien egiten duzu. Loreak ere asko gustatzen zaizkit. Eta utzita ditudan lagun ugari ditut. Familia inportantea da. Hiru semeen babes ikaragarria izan dut, eta, egia esan, batzuetan faltan sentitzen ditut. Ez dakit nola, baina modu desberdinean bizitzen hasiko naiz.