Areto futbola

Xotak Oliterekin berdindu eta Aralar Mendik Gazte Berriakekin galdu

Guaixe 2021ko aza. 11a, 10:45

Xotak bina berdindu zuen Oliterekin. XOTA

Hirugarren maila. Zazpigarren multzoa. Zazpigarren jardunaldia: Aralar Mendi 4 – Gazte Berriak 5 / Xota 2 – Olite 2

Asteburuan areto futboleko hirugarren mailako zazpigarren jardunaldia jokatu zen. Aralar Mendik ez zuen punturik bildu eta Xotak bakarra sartu zuen zakura. 

Aralar Mendik Gazte Berriak taldea hartu zuen Uharte Arakilgo Larrabieta pilotalekuan. Ongi hasi ziren uharte arakildarrak, Mikel Martiarenak taldea aurreratu baitzuen. Baina Gazte Berriakek berdintzea lortu zuen. Atsedenaldia baino lehen Xabier Cruzek 2 eta 1-ekoa ezarri zuen eta markagailuan aurreratuta zeudela joan ziren atsedenaldira Aralar Mendikoak. Baina bigarren zatia hasi eta hiru gol sartu zituzten segidan Gazte Berriakekoek. Aralar Mendi saiatu zen –Jorge Mariñelarenak hirugarren gola sartu zuen eta laugarrena Mikel Martiarenak–, partida bukatzeko minutu baten faltan. Baina Gazte Berriakek garaipenaren gola lortu zuen minutu horretan bertan eta hiru puntuak lortu zituen. 

Xotak ere etxean jokatu zuen, Irurtzungo Atakondoan, Oliteren kontra. Irurtzundarrek garaipena eskutan izan zuten baina soilik puntu bat batu ahal izan zuten zakura. Etxekoak izan ziren aurreratu zirenak, Carlos Larrayozek sartutako golari esker, baina Olitek berdintzea lortu zuen. Berdeek ongi erantzun zuten –Beñat Jakak sartutako golarekin–, baina Gazte Berriakek bina berdindu zuen eta markagailua ez zen gehiago mugitu. 

Datorrena
Ribera de Navarra Tuterako taldeak jarraitzen du lider (21 puntu). Aralar Mendi hamargarren postura jaitsi da (lau puntu) eta Xota hamabigarren postuan dago (hiru puntu). Asteburuan sailkapenean bederatzigarren den Anaitasunaren kontra jokatuko du Aralar Mendik, ostiralean, 20:30ean. Xotak, aldiz, Ribera de Navarra liderraren Tuterako egoitza bisitatuko du larunbatean 13:45ean hasiko den partidan.