Automobilismoa

Sakandarrek Malerrekako Rallysprintean ez zuten zorte gehiegirik izan

Guaixe 2021ko aza. 16a, 10:00

Iban Lopez de Goikoetxearen R5 Turboa, probatik kanpo. UTZITAKOA

Soilik Eneriz Besgak eta Jabi Goikoetxeak lortu zuten proba despeditzea lehen eremuan bi minutu galdu eta gero

Larunbatean V. Malerrekako Rallysprinta jokatu zen. Antolakuntzak 16 kilometroko ibilbide gorabeheratsua prestatu zuen, bihurgunez eta trabaz betetakoa, eta ibilbide hori lau aldiz osatu behar izan zuten parte hartzaileek, bi norabide bakoitzera. Parte hartze handia izan zuen probak, eta tartean Sakana Motorsport eskuderiako lau talde aritu ziren. Aipatzekoa da ere Sakana Motorsporteko Mikel Mendinueta bere autoarekin (Peugeot 205) 00 auto gisa lanean aritu zela, lasterketa zabaltzen.

Lasterketa etxean geratu zen, Malerreka Motorsport taldeko Iñaki Zozaia eta Xabier Andueza (Porsche 911 GT3 2010) gailendu baitziren (36:53.400), euren taldekide Joseba Beolari eta Jose Luis Iratzokiri (Mitsubishi Lancer Evo X R4) bi segundo aterata (36:55.500). Sakandarrei dagokienez, soilik Eneriz Besga pilotuak eta Jabi Goikoetxea kopilotuak (Citroên Saxo VTS) lortu zuten proba despeditzea (44:59.100). Lehen eremuan denbora asko galdu zuten, bi minutu, baina klasifikatzea lortu zuten. 

Aldiz, beste hiru talde sakandarrek ez zuten zortea alde izan. Iban Lopez de Goikoetxeari eta Luis Zabalzari (Renault 5 GT Turbo) palierra apurtu zitzaien lehen eremuko 5. kilometroan eta proba utzi behar izan zuten. Arkaitz Irigoien eta Hodei Ariztegi (Renault Clio) bigarren eremuan bidetik atera ziren eta Iker Askargorta eta Aitor Fernandez (Opel Astra)  hirugarren eremuan erretiratu ziren, suspentsioan arazoak izan eta gero.