'Het Belang van Limburg' hedabidearen komunitatea osatzen duen esperientziaz jardungo duzu. Zeintzuk izango dira solasaldiaren gako nagusiak?
Kazetaritza hiperlokalak mundu honetan duen garrantzia zer-nolakoa den erakutsi nahi diot jendeari. Egun, bereziki koronabirusak eragindako pandemiaren ostean, konfiantzazko albisteak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Gure komunitatearen pertsonalizazioari ematen diogu garrantzia; oso kontu garrantzitsua iruditzen zaigu. Eskualdeko albisteen bidez —jendeak inguruan gertatzen zaionaren berri izan nahi du—, klik gehiago eta harpidedun gehiago eskura daitezke. Bestalde, bazkide bilakatzeko aukera ezberdinak ere aipatu nahiko nituzke, baita harpide egiteko zer formula erabil daitezkeen azaldu ere.
Komunikabide hiperlokala da zuena, komunitatearen atxikimendu oso handia duena. 2012ko datuen arabera, 845.000 biztanleko eremu batean, egunero 100.000 ale saltzen zenituzten, eta erosleen %70 bazkideak ziren. Zein izan da atxikimendu hori lortzeko gakoa? Nola aldatu da egoera hori 2012tik hona?
Egun, paperezko edizioaren 70.000 kopia inguru saltzen ditugu 875.000 biztanleko eremuan. Duela ia hamar urteko egoera eta gaur egungoa alderatuz gero, egun harpidetza digital gehiago (13.000) saltzen ditugula ondoriozta dezakegu. Bost harpidetza modu desberdin ditugu orain, eta oso desberdinak dira guztiak: webgunea, zenbaki digitala, guztia barnean duten paketeak... Erabiltzaile berri gazteak erakarri nahi ditugu, baina zaila da, horiek ez baitaude kazetaritza ordaintzeko ohiturarik. Hori dela eta, aurrekontu txikiko harpidetzen aldeko apustua ari gara egiten –hamar euro hilean–, irakurleek albisteak lasai irakurtzeko aukera izan dezaten.
Zenbat eta lokalago, are gertukoagoa al da?
Bai, eta hobea ere izango da. Denok gara kazetariak. Gure proiektu hiperlokala martxan jarri genuenean ohartu ginen horretaz. Gure oinarria honako hau da: "Limburgotarra eta munduko hiritarra". HBvL gure eskualdeko biztanle ororen interesekoa da, eta herritarrek horregatik irakurri beharko lituzkete gure albisteak. Zenbat eta lokalagoa izan, are aitorpen handiagoa jasoko duzu. Esaterako, galderei eta arazoei erantzunak emateko hainbat proiektu ditugu martxan –"lagundu egingo dizugu, deitu iezaguzu!" filosofiarekin– eta gure komunitatea ekintza lokalen bitartez –azterketen emaitzen berri ematen duen atala, haurrentzako gune berezia…– zabaldu nahi dugu.
Duela pare bat urte lan egiteko modua aldatu zenuten, eta harrezkero, lehenengo eduki digitalak lantzen dituzue eta gero paperekoak. Zergatik?
Ba al dakizu zer esan nahi duen go with the flow esaerak? Bada, hori egiten baduzu, jada berandu izango da. Gauzak aldatu aurretik egin behar zaio aurre egoerari, eta horregatik erabaki genuen atal digitala lehenestea: lehenik on line egingo dugu lana, eta gero, agian, egunkarirako. Adin bat dutenentzat zaila da kazetari hori ulertzea, horiek testuak egunkarian irakurtzera ohituta daudelako, baina gaur egun, egokiagoa da on line lan egitea.
Lan sistema hori ezartzeko, nola antolatzen zarete?
Hainbat albistek lehenengo atari digitalean egon behar zutela erabaki zuen erredaktoreburuak; esaterako, istripuek. Eta primiziak ere bai, noski. Zergatik gorde horiek hurrengo egunera arte?
Hedabideak komunitatearekin zuen loturari nola eutsi diozue Internetera jauzi eginda?
Pertsonalizazioan esfortzu handia egiten dugu. Erabiltzaileek beren hiria aukera dezakete albiste hiperlokal gehiago izateko. Konturatu ginen klik-en tasa %55 igo zela orduztik. Konexio hori albiste hiperlokalekin eskuratzen da, eta jendeak nahi duena edo nahiko lukeena zer den kontrolatuta.
Zer estrategia ezarri duzue euskarri digitalari etekin ekonomikoa ateratzeko?
Helburuak zehaztuta ditugu; adibidez, bideoen bisitak. Orrialdeetan bisita asko izatea lortzen dituzunean, bideo iragarki gehiago sal ditzakezu. Dena den, oro har, publizitate digitaletik datozen irabaziak ez dira, oraindik behintzat, paperezko euskarrietakoak bezain altuak.
Datozen urteetara begira, zer estrategia jarraituko duzue bazkide/harpideei dagokienez?
Egiten ari garena egiten jarraitu behar dugu, albiste hiperlokalak eta internazionalak uztartzen, alegia. Erabiltzaileek albisteak nahieran kontsumitu ahal izatea ahalbidetu behar dugu, eta ordaintzeko prest dauden kalitatezko kazetaritza eskaini behar diegu horiei.
Hedabideek ba al dute etorkizunik komunitatearen atxikimendurik gabe?
Ez. Marka gisa, jendea zure artikuluak irakurtzeko konbentzitu egin behar duzu. Eskaintza zabala edo konpletoa egin behar duzu: informazio hiperlokala eskaini, testuekin, bideoekin, podcastekin, zuzenekoekin...