Nedgia Navarra SAk sareak eta zerbitzuak hedatzeko duen planaren barruan Lekunberrira gasa eraman nahi du. Horretarako, Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea aurreikusi du, Aralar mendian barna joanen litzatekeena. Arakilgo Udalak, Etxeberri, Egiarreta eta Etxarrengo kontzejuek eta Aralar zain dezagun! Gasbidea hemendik ez! plataformak gasbidearendako beste trazadura bat eskatu dute, mendia zeharkatuko ez duena. Eta argitu dute Lekunberrira gasa eramatearen kontra ez daudela.
Gasbideak mendian barna eginen lukeen 14 km-ko ibilbidearen zati bat bertatik bertara ezagutzeko plataformak larunbaterako mendi martxa antolatu zuen. 60 bat pertsonek Astiz eta Lekunberri arteko bidea egin zuten, hasieran eguraldi txarrarekin, baina gero jaso eta paisaiaz gozatzeko aukera izan zuten. Guztiek gasbideak sortuko lituzkeen eraginak ezagutzeko aukera izan zuten. Horien artean aipatu zituzten: 5.000 zuhaitzen mozketa eta karst eremu, leze, akuifero eta megalitoengan eragina izanen lukeela. Gasbideak 5 km Aralarko Babes Bereziko Eremuan egiten dituela ere azaldu zuten. Eta salatu zutenez, beharrezko ziren topografia eta geologia ikerketarik ez du proiektuak. Plataformak gasbide egitasmoa salatzeko egindako hirugarren mendi martxa izan zen larunbatekoa.
Proiektua gauzatzeko baimenik ez dute eman Larraungo eta Arakilgo udalek, eta helegiteak aurkeztu ondoren epaiketa egiteko zain daude. Bai udalek bai helegiteak aurkeztu zituzten kontzejuek, erakundeen eta herritarren iritziz, “aurkeztutako proiektua bukatu gabe dago, eta beste alternatibak ondo aztertu gabe daude”. Izan ere, beste aukera bat Irurtzundik Plazaolako bide berdean barna eramatea izan zitekeen, esaterako. Lanak ez egiteari 0 alternatiba deitzen zaio eta hori ere ez dela ongi aztertu argudiatu dute helegitea jarri dutenek.
Gasaren nazioarteko testuinguruari ere erreparatu diote plataformako kideek: “Aljeriakoa da hona iristen den gasa. Aljeriak Marokorekin dituen gatazkengatik herrialde horretatik pasatzen den gasbidea itxi zuen azaroaren 1ean. Orain soilik Mediterraneo azpiko gasbidetik iristen da gasa, gutxiago. Ez dakigu noiz arte iritsiko zaigun. Txikizioa egiten bada, dirua gastatu eta herritarren haserrea eragiteaz aparte, guztia pasa ondoren, bidegorri bat gelditzeko arriskua dugu”.