Idiazabal jatorri izendapeneko 18 gaztandegiek 35 domina irabazi dituzte World Cheese Awards nazioarteko maila handiko gazta txapelketan. Sarituen artean Sakanan ekoiztutako lau gazta daude. Batetik, Agurainen dagoen Julen Karasatorre Aranburu etxarriarraren Naparbaso gaztak urrezko saria jaso zuen. Bestetik, Patxi Amillano Garasa artzain altsasuarraren Larrezabal Eco gaztak zilarrezko saria merezi izan zuen epaileen iritziz. Azkenik, La Vasconavarra gaztandegi olaztiarra bi sarirekin bueltatu da Oviedotik, zilarrezko eta brontzezko bana.
Lehiaketaren 33. edizioa Oviedok hartu zuen azaro hasieran, eta han hainbat kontinentetako 4.000 gazta baino gehiago lehiatu ziren azaro hasieran. 30 herrialdeetako 250 epaile ingururen ardura izan zen gazta onenen izendapenak argitzea. Idiazabal jatorri izendapeneko arduradunek nabarmendu dutenez, “atzera ere munduko gazta onenen artean sarituak izanak, gure gazten kalitate handia ziurtatu eta gure gaztaren izen ona nazioartean zabaltzen du”.