Astekaria

Klima aldaketari aurre egiteko iritzi eske

Guaixe 2021ko aza. 16a, 09:04

Irurtzundarrak jolas parkean. ARTXIBOA

Alkateen Itunaren barruan, Sakanako energia plangintzan parte hartzeko aukera dago Sakanako Garapen Agentziaren inkesta bati erantzunez. Zortzi ekintza ildo proposatu dituzte, eta norberaren udalerriarendako lehentasunezkoak zein diren zehazteko eskatu. Erantzunak hilaren 30era arte eman daitezke.

Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Klima eta Energiaren Alkateen Ituna, Sakanako 15 udalek 2019an sinatu zutena. Nafarroako Alkateen Itunaren helburua da klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko udalerrien erresilientzia hobetzea. Horretarako, udalek Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana egin beharra dute 2022ko udaberri aurretik. Plan hori egin ahal izateko inkesta zabaldu dute sakandarrek iritzia eman eta ekarpenak planean jasotzeko. 

Europar Batasunak 2030erako ezarritako arintze helburuak betetzen laguntzeko udalerri bakoitzak, bere planean arintze eta egokitze eremuei buruz egiten duen azterketan, zenbait neurri prestatu eta aztertuko ditu. Helburuen artean dago CO2 isuriak gutxienez %40 murriztea 2005. urtearekin alderatuta. Hori lortzeko udal eraikin, ekipamendu, instalazio, argiteria publikoa, udal ibilgailuak, udalerrietako etxebizitzak, etxeko hondakinak eta garraioa aztertu beharko dituzte. 

Itunak udalei eskatzen die haien eremuan klima aldaketak izan ditzakeen ebidentziak ebaluatzea, baita arrisku eta kalteberatasun posibleen balantzea egitea ere. Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldeak ezarritako agertokien arabera tokiko egokitzapen estrategia bat egin beharko dute lehentasunezko ekintza neurriak eta horien balorazio ekonomikoa zehaztuz.

Inkesta 
Sakanako Garapen Agentziako industria eta energia teknikari Aintzane Iriberri Berrostegieta arduradunak azaldu duenez, “udal bakoitzak bere plangintza egin beharra du. Inkesta horren bidez lortu nahi duguna da sakandarrek beraien lehentasunak esatea, plangintzaren osaketan sakandarrek zeresana badutelako”. www.sakanagaratzen.com webgunean dago galdetegia eta azaroaren 30era arte erantzun dezakete sakandarrek. 

Inkestak zortzi lan lerroren inguruan galderak ditu, garrantziaren arabera batetik hamarrera baloratu eta erantzunaren zergatia emateko eskatzen du inkestak. Lehenik eta behin, administrazioak zeregin nagusia du tokiko ekintzan, deskarbonizazioari eta klima-aldaketara egokitzeari begira. Jarduteko moduaren bidez eragin positiboa izan dezakeen edo ez iritzia eman beharko da. Ondoren, zirkulu ekonomiaz eta hondakinen kudeaketari buruzko galdera dago. 

Beste galdera batean ur hornidura, saneamendu eta bilketa sistema eraginkorrak lortzeari buruzko iritzia eskatzen du. Galdera batek energia kontsumoa murriztu, udalen energia berriztagarrien ekoizpena bultzatu eta energiaren eskuragarritasuna hobetzeaz ari da. Gainera, hiri plangintzaren bidez klima aldaketaren arriskuen prebentzio eta inpaktuak ekidin daitezkeen jakin nahi dute galdetzaileek. Klima aldaketarekin zerikusia duten gaixotasunen eta osasun ondorioen prebentzioak ixten du galdetegia.