Astekaria

"Erosketak modu jasangarriagoan egiteko"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko aza. 16a, 13:01

Kanpainaren berri Amaia Okariz Ormaetxeak, Olatz Garde Mazkiaranek, David Oroz Alonsok eta Itziar Zudaire Salegik eman zuten

Zero Zabor Komertzioa kanpaina aurkeztu du Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak. Hondakin gutxiago sortzea da helburu. Horretarako, ibarreko dendari txikien laguntzarekin sakandarren artean behin baino gehiagotan erabili daitezkeen poltsak eta tuperrak banatuko ditu.

Ibarreko erakundeko buru David Oroz Alonsok kanpainaren aurkezpenean esan zuenez, “hondakinen kudeaketaren inguruan komertzioak duen garrantziaz kontziente gara. Batetik, sortzaile gisa komertzioak direnagatik. Baina, bestetik, herritarrekin duzuen harreman eta komunikazio zuzenagatik, adibide izan daitezkeelako”. Orozek azaldu zuenez, kanpainak hiru helburu ditu: merkataritzan hondakinen sorrera murriztu, hondakinen kudeaketa egokia bultzatu eta, azkenik, denda txikiak sustatu eta duten balioa aitortzea. 

Mank-eko hondakin teknikari Olatz Garde Mazkiaranek jakinarazi zuenez, “Nafarroan halako programa bat egiten den lehendabizikoa da Sakanakoa”. Kanpaina hondakinen kudeaketan praktika onen eredu egokia dela nabarmendu zuen Gardek, “zero zaborrarena ez da toki askotan egiten, jendea kontzeptuan gelditzen da eta gure helburua praktikan jartzea da”. Kanpainak 27.000 euroko aurrekontua du. Nafarroako Hondakinen Funtsak finantzatu du kanpaina. Azken diru funts hori hondakinak hondakindegira eramateagatik ordaindu beharreko zergekin eta ordaindutako isunekin sortzen da. 

Itziar Zudaire Salegi eta Amaia Okariz Ormaetxea Hondakin Zerbitzuko hezitzaileak dira eta Zero Zabor Komertzioa kanpainaren xehetasunak eman dituzte.

Zer da zero zabor komertzioetan? 
Amaia. Hondakinak murrizteko eta komertzioetan hondakinak ongi bereizteko Sakanako Mankomunitatetik bulkatu dugun kanpaina da. Erosketak modu jasangarriagoan egiteko. Horretarako, dendarien bidez, bezeroei material batzuk banatuko dizkiegu: poltsak, tuperrak… Horiek behin eta berriro erabiltzeko, eta erosterakoan hondakin gutxiago sortzeko. 

Denden bidez bezeroei material banaketa? 
Itziar. Hori da ideia. Alde batetik, denda txikiek hartu-eman zuzena daukate bezeroekin, eta eredu izan daitezke. Denden bitartez jendeak berrerabiltzeko materialak jasoko ditu. Horiek behin eta berriz erabiliz hondakin gutxiago sortuko dituzte eta erosketak modu jasangarriagoan eginen dira. Azken batean, denon artean Sakana garbiago eta jasangarriagoa egitea da helburua. 

Horretarako zer material banatu behar dituzue dendarien bitartez? 
A. Harategi eta arrandegietan tuper batzuk banatuko ditugu, erabiltzen diren paperak eta plastikoa murrizteko. Jatetxeetan ontzi konpostagarri batzuk utziko ditugu. Bi erabilera dituzte, prestatzen dituzten jatekoak bezeroei etxera eraman, edo bazkari-afarien soberakinak edukiontzira bota beharrean kutxa horietan bezeroek soberako janaria etxera eramateko. Kutxatxo horiek dituzten jatetxeetan horren berri emanez kartela jarriko dugu. Bestalde bi poltsa ditugu, erabilera bakarreko poltsak ordezkatzeko. Kotoizko poltsak, komertzioan erabil daitezke: arropa, zapata, liburu, kopia dendak eta halako dendetan. Jutezko poltsak, berriz, lehengo kapazuak gogora ekartzen dituztenak, janari denden bidez banatuko dira. Poltsen barruan bezeroak kanpainaren berri ematen duen idatzi bat opatuko du. Dendariek material guztiak dohainik jasoko dituzte. 

Dendetan hondakin asko sortzen dira? 
I. Dendak azkenean, guztiok bezala, hondakinak sortzen dituzte. Beraiek sortzen dituzten hondakinak daude. Baina, batez ere, guk erosle gisa erosketak egitera joatean sortzen ditugun hondakinak murriztea nahi dugu. “Emaidazu poltsa bat” esan beharrean nik dendara nire poltsa edo nire tuperra eramaten badut hondakin gutxiago sortzen dut. Eta, horrela, modu jasangarriagoan erosten dut. Kontzientzia hori sortu nahi dugu. 

Nola jakinen dugu zein dendetan emanen dizkiguten material horiek? 
A. Parte hartuko duten establezimendu guztiek, beraien hondakinak ongi bereizi eta murrizten saiatuko direnak, pegatina bereizgarri bat izanen dute establezimenduaren atean. Horrela jakinen dugu Zero Zabor komertzioa direla. Establezimendu horren balio positibo baten berri ematen du pegatinak. Denda horretan hondakinekin lotutakoak behar bezala egiten direla ziurtatuko du pegatinak. Horren inguruko komunikazio kanpainak eginen dira. 

Mank-ek establezimenduen kartoi bilketa berezia egiten du, ezta? 
I. Kartoi asko sortzen duten komertzio batzuk atez ateko kartoi bilketa puntuala dute, bai.

Hondakinen sorreraren prebentzioan beste neurriren bat hartuko duzue? 
I. Janari denden bidez jakien hondarrekin edo soberakinekin prestatu daitezkeen errezetak banatuko ditugu. Horien bidez elikagaiak aprobetxatu eta ez botatzea sustatu nahi dugu. Errezetendako euskarri bat jarriko dugu janari dendetan. Hasteko hamar errezeta prestatu ditugu. 

Kanpainaren berri emateko dendariekin hizketatu zarete. Zer esan dizuete? 
A. Harrera oso ona izan da. Denendako positiboa da horrelako ekimenak egitea. Orain materialak dendaz denda banatzen hasten garenean hartu-eman estuagoa izanen dugu; beraien zalantzak argitzeko, eta beraien hondakinen kudeaketan laguntzeko. Ezagutuko gaituzte eta jakinen dute nahi dutenerako hor gaituztela. 

Zalantzak argitu, ekarpenak jaso… Hori kanpaina martxan dagoen bitartean?
I. Ez da kanpaina estatiko bat, muga bat izanen duena. Kanpainak irekia, dinamikoa izan nahi du, aurkezpen honekin ez da bukatuko. Ideia gehiago ditugu. Baditugu beste komertzio eta ostalari batzuekin batera egiteko ideiak. Eta, jakina, guretako dendarien iritzia jasotzea oso garrantzitsua da. Baita bezeroek materialei buruz esaten dietena ere. Eta hartu-eman estu hori edukitzea. Komunikazio horretan oinarrituko dira aldaketak edo aukera berriak. Dendetara bisitak eginen ditugu. Honekin hasi gara, baina garatzeko ideia dugu. Bestetik, hondakinen banaketaren inguruan dendariek dituzten zalantzak argitzeko gaude. Gurekin harremanetan jartzeko ez dago mugarik. 

Noiz hasiko dira dendariak materialak banatzen? 
A. Aurkezpen honen ondoren dendetara materialak poliki-poliki banatzen hasiko gara orain. Denda asko daude Sakanan. Jaso ahala dendariak materialak banatzen hasiko dira. 


Banatuko diren materialak 
6.000 kotoizko poltsa. 
2.000 jutezko poltsa.
4.800 tuper.
13.600 ontzi jatekoak eramateko. 
50 errezeta erakustoki, 50 errezetekin.