Hemen da Patata Operazioa

Guaixe 2021ko aza. 12a, 12:36

Peñako kideak jakiak biltzen. ARTXIBOA

Igandean, 09:00ak aldera, Urdiaindik abiatuko da eta, herriz herri, Satrustegira arte joanen dira eskean. Lana 14:30 edo 15:00ak aldera despedituko dute.  

Pandemiak joan den urtean eragindako etenaren ondoren, Iruñeko Alegria peñako kideek Sakanako bidea hartuko dute igandean atzera ere. Arrazoia? 58. Patata Operazioa. Baratze eta soroetako uztak bilduta daudela egiten dute peñako kideek bisita Sakanara. Izan ere, patatez aparte, haietan sortutako produktuak dira jasotzen dituzte, esaterako: kuiak, sagarrak, intxaurrak, alubiak, tipulak, azak, porruak eta beste. 

Iruñeko Alegria peñako hamar bat kide etorriko dira, Abaigar eraikuntza enpresaren kamioiarekin eta bi furgonetarekin. Haien etorrera iragartzeko igandean beraien autoetako klaxonak joz, karrakarekin edo oihuka Patata Operazioaren berri emanen dute. Urdiain eta Satrustegi arteko bidea eginen dute horrela, atea zabaltzen duten sakandarren etxe parean geldituz eta haiek emandakoa kamioian jasoz. Bosgarren urtez Unanuko bidea hartuko dute ere. Peñatik “emandakoa zertarako erabiltzen den ikusita, sakandarrak eskuzabalak izatera animatzen ditugu. Bildutako guztia Hermanitas de los Pobres edo Behartsuen Haurrideak kongrezioaren onerako baita”.