Gaur zen eguna. TOKIKOM Sarien seigarren edizioko sari banaketa egin dute Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, eta Guaixek azal onenaren saria jaso du Uda Sakanan udako bereziaren azalagatik. Saria Iune Trecet Obeso Guaixeko maketatzailea eta disenatzailea eta azalaren egileak eta Maider Betelu Ganboa Guaixeko erredaktoreak jaso dute. Trecetek “talde guztiaren elkarlanaren errekonozimendua" aipatu du saria jasotzean.
Eduki onenaren saria Geuria-rendako izan da 'Etxereko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak' lanagatik. Goierri Irrati Telebistak ikus-entzunezkoaren onenaren saria jaso du 'Ateak itxi, leihoak ireki' lanagatik eta Komunitatearen Saria Karkara komunikabidearendako izan da, Bandera da Orion azalagatik.
Guaixerendako saria
Kazetaritza sariak emateko epaimahaia Maria Gorosarri Gonzalezek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute. Hiru epaimahaikideak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmentzen, eta azpimarratu dute maila igotzen doala urtez urte, aukeraketa gero eta zailagoa suertatzen delarik. Guaixeren azalaz "alde estetikotik txukuna eta bizia izateaz gain, Sakanako Guaixe astekariak udako zenbaki berezirako landutako azalak balio informatibo handia ere badu, eta primeran islatzen du eskualdeko mapa erreferentziala. Begi kolpe batean ikusten da herri bakoitzean zer dagoen, eta bertako ondare natural eta kultura oso modu bisualea islatzen da".
Sari banaketaren ondoren, Komunitatea josten jardunaldia egiten ari dira orain Arrasaten. eldiario.es, BBC eta Het Belang van Limburg hedabideen egitasmoen berri ematen ari dira.