Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Joanes Illarregik irabazi du Leitzan

Guaixe 2021ko aza. 15a, 09:33

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa; Joanes Illarregi kantatzen. NAF. BERTSOZALE ELKARTEA

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa izan zen Leitzan, eta dagoeneko zehaztu da finala. 

Eneko Lazkoz, Julio Soto, Joanes Illarregi, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Xabier Silveira eta Eneko Fernandez dira 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalistak. Azaroaren 28an, igandean, 17:00etan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da finala. 

Leitzan jokatu zen hirugarren fianaluarrekoa. Xabier Silveira Etxeberria, Eneko Fernandez Maritxalar, Julen Zelaieta Iriarte, Joanes Illarregi Marzol, Iker Gorsterrazu Elizagoien eta Sarai Robles Vitas aritu ziren. Horien denen artean Joanes Illarregik eskuratu du puntu gehien (495,5), eta finalerako sailkapen zuzena eskuratu du eta argitu da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda; hiru finalaurrekoetako irabazleak, eta puntuzioaren araberako beste bost sailkatu: Eneko Lazkoz Martinez (Altsasuko saioko irabazlea), Julio Soto Ezkurdia (Berriozarko saioko irabazlea), Joanes Illarregi Marzol (Leitzako saioko irabazlea), Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Xabat Illarregi Marzol, Xabier Silveira Etxeberria eta Eneko Fernandez Maritxalar. Finala azaroaren 28an jokatuko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erskura daitezke.