Orain dela urte bat Iruñean nintzen, komiki dendan. Han Harlock kapitainaren komiki bat aurkitu nuen: Arkadiaren memoriak. Oso gustuko izan nuen ikusi nuenetik. Hala eta guztiz ere, komiki hark zerbait arraroa bazuen... Komikia erosi eta besapean eraman nuen Iruñeko Gotorlekuko bankutxo batera han irakurtzen hasteko. Irakurtzen nuen bitartean komikiak susmo arraroak piztu zizkidan. Ez bainuen istorioa ulertzen.
Harlock kapitaina (Uchu Kaizoku Kyaputen Haarokku Japonian) manga mitikoa da. Leiji Matsumotok sortu zuen 1977an eta bi urte egon zen Play Comic aldizkarian astero kapituluka kaleratzen. Japoniar erara. Bizitza motza izanda ere, japoniarrek oso gogoko izan zuten.
Harlock kapitaina famatua bihurtu zen. Hemen aurkitu nuen lehen bitxikeria: Arkadiaren memoriak formatua oso handia zen 1977ko manga izateko. Album bat bezain handia baitzen. Normalean manga formatua txikia eta potoloa izaten da, koadernotxo txiki bat balitz bezala.
Berehala aurkitu nuen honen erantzuna: komiki hau Jérôme Alquié komikigile frantsesak marraztu zuen! Harlock Kapitaina 1978an anime bihurtu zuten. Anime hau mundu guztira iritsi zen 80ko hamarkadan animeak izan zuen boom handiaren ondorioz. Jérômek txikitan ezagutu zuen Harlock kapitaina. Gogoko zuela ikus daiteke bere marrazkietan arreta jarriz gero: pertsonaien diseinuak Leiji Matsumotoren estilo zaharra gogorarazten badute ere, orrialdeen konposizio dinamikoa eta kolore biziek argi uzten dute komiki hau ez dela 1978ko Harlock Kapitaina!
Komikia itxi nuen momentu batez eta irribarre batekin komikiaren aurrea eta atzea miatu nituen.
"Ze istorio polita Jérômena. Txikitan irakurtzen zuen pertsonaiaren komikia argitaratu du, haren benetako autorea ezagutu eta guzti" pentsatu nuen. Orduan, komikiaren bizkarra ikusi eta azkenean konturatu nintzen zer zen arraroa komiki hartan: "2/3" idatzita zuen txikian. Bigarren alea nuen esku tartean. "Mekagueeeeen" bat eskapatu zitzaidan. Horrela hasi zen ene Harlock kapitainaren komiki bilduma.