"Liburua hartzen duen pertsonak ahalegin bat egiten du, inplikatzen da, gozatzen du edo ez. Irakurlearekiko nolabaiteko errespetu bat sortzen da". Irakurleak aurrez aurre egotean Antxiñe Mendizabal Aranburu idazlea errespetu hori "nabarmenagoa" bihurtzen dela konturatu da. "Horregatik, niri eragiten dit hurrengo proiektuak kontuz, maitasunez eta irakurlearekiko errespetu hori manteduz egitea". Argitaratzen den horretan benetan sinistea, "daukadan onena ematea".
Idazlearen azken lana Odolekoak eleberria da, bihar, azaroak 18, osteguna, 18:00etan, Sakanako irakurleekin elkartuko da, Lakuntzako Tximonena jatetxean, Sakanako Mankomunitatearen euskara eta berdintasun zerbitzuek antolatutako Liburu dastan. Nobela Nafarroan aurkezten duen bakoitzean berezia dela esan du idazleak, herrialdean kokatzen bada istorioa, 1940ko hamarkadan hasi eta gaur egun arteko denbora tartean. "Ibilbide luze samarra. Ez zen nire lehenengo asmoa izan, baina luzatu egin da".
Harremanak
Hiru belaunaldietan zehar eta hiru emakumeren bidez ama eta alaba arteko harreman sakonak, gogorrak eta hunkigarriak agertzen dira Odolekoak eleberrian. Matilde, Teresa eta Amaia dira protagonistak. "Idaztearekoan lehenengo bulkada, nire kasuan, behintzat, nire bizipenetan dago. Ez hainbeste autobiografikoa, baina norbere bizipenetan oinarrituta dago". Liburuan esperientzia pertsonala eta kontzientzia hartze bat dago bai pertsonaien aldetik bai idazlearen aldetik: "Esperientzia pertsonal horretatik badago testuinguru politiko eta sozial bat baldintzatzen gaituena. Hasieran ez nintzen oso kontziente, baina gai hauen atzean pisuzko ideologia bat dago". Nobelan argi ikusten dira garai desberdinak daudelako.
Matrioska errusiar panpinen irudia oso garrantzitsua izan zen nobelaren bilakaera. "Ez zegoen aldez aurretik pentsatuta. Idazten hasi nintzenean ez nuekan oso argi nora joango nintzen. Baneukan irudikatu nahi nituela ama eta alaba batzuk, geroz eta gehiago mimetizatzen zirenak eta antzeko egoerak errepikatzen zituztenak. Antzeko erantzunak ematen zizkietela antzeko egoerei". Mimetismo hori bazegoen, eta konturatu zen jolasten ari zela "guztiok daukagun baina ohartzen ez garen etxeko memorioarekin".
Mimetizazioa matrioskarekin irudikatu zuen. "Hiru emakume berdin berdinak, bata bestearen barruan preso daudenak, eta antza handia daukatenak". Presondegi horretatik ateratzeko modu bakarra leku horretatik ateratzea da, bere bidea egitea. Matrioska, beraz, inflexio puntu bat izan zen, "nobelari zentzu jakin bat eman zioten".
Hiru emakume protagonistak ez ezik, eleberrian pertsonaia asko daude. Nobela bukatzean pertsonaien zerrenda egin zuen Mendizabalek, eta ordenatzerakoan "unibertso desberdinak" zeudela konturatu zen: "Konstelazioak deitu diegu: familia, auzoa, hiria…". Unibertso batekoak beste batekin ukitzean, mundu hori aldatu egiten da. "Elkarreragiten zuten pertsonaiak munduak aldatuz". Elkarren artean ematen diren harreman horiek liburuaren beste oinarrizko ideia bat dira.
Izkutuko istorioak
"Isilpean gordetako istorioak dira. Izkutukoak. Normalean, askotan, bertsio ofiziala kontraesanean egon direla erakusten dutenak. Zentsuratuak, isilpekoak, gordeak… izan dira, estatus edo ideologi nagusiarekin bat ez zetozelako". Odolekoak nobelan kontatzen diren istorioak desberdinak dira, izkututakoak zirelako. "Horregatik da hain garrantzitsua historian, literaturan eta bizitzan bertsio ofizilaren kontrakoak direlako".
Mendizabalek gerra amabitxiei buruz hitz egin du. "Oso zabaldua egon da gerra guztietan. Emakumeak gatazkan duten lekua adierazten du: gizonezkoak sostengatzea". Horien berri bazuen, eta nobela amaitzean "oso sorpresa polita" izan zuen lagun baten bidez gutunez betetako kutxa bat jaso zuelako. "Ikaragarria da hor izkutatzen diren istorioak". Gerra eta frankismo garaian oso ondo antolatuta zegoen, "ez zen kasualitatea zenbait emakumek gutunak idazten hastea". Gerra gizonezkoei adoera mantentzeko eta errealitatea izkutatzeko "muntaia" bat zen. "Asko desesperatuta zeuden".
Istorioa gordinak kontatzen ditu. "Bizipen gordinak dira, garai gordin batean". Istorioak ez dira autobiografikoak, baina bere barnean Matilde, Teresa eta Amaiaren emozio horiek guztiak dituela aipatu du. "Nahiz eta ni neu ez izan, nire barruan daude eta denak sentitzen ditut". Nobelak egiatik emozio horiek berak sentizten dituela dauka, "pertsonaia horiek nire baitan ateratzen dira".
Aurrez aurretik ez zituen liburuan agertzen diren lekuak ezagutzen. Idazten ari zen bitartean ezagutu zituen, besteak beste, Iruñea, Lizarra, Urdiain… "Leku hauek hain ongi ez ezagutzeak fikzioa egiteko lagundu dit. Asko jakingo banu datuz beteko nuke". Bere metodo "txikia" zen egoera eta lekuak irudikatu eta idatzi, eta gero leku horietara joaten zen "egingarria" zen ikustera.