Pilota

Abian da Binakako Txapelketa Nagusia

Guaixe 2021ko aza. 17a, 09:30

Binakako Pilota Txapelketaren aurkezpena Bizkaia pilotalekuan egin zen. Han jokatuko da finala. BAIKO

Bost hilabete luze iraungo ditu eta Elezkano II.ak eta Zabaletak txapela defendatuko dute. Ezkurdiak Tolosarekin osatuko du bikoa eta Martijak Altuna III.arekin

Atzo, asteartea, aurkeztu zuten asteburuan hasiko den Binakako Pilota Txapelketa Nagusia, Esku Pilota Enpresen Ligak antolatzen duen txapelketarik luzeena. Ostiralean hasiko da, Berriozarren, eta final handia apirilaren 3an jokatuko da, Bizkaia pilotalekuan. 

Enpresa bakoitzetik lau bikote lehiatuko dira. Aspetik Elezkano II.a-Zabaleta, Ezkudia-Tolosa, Irribarria-Rezusta eta Altuna III.a-Martija. Eta Baikotik Peña II.a-Albisu, Jaka-Mariezkurrena II.a, Urrutikoetxea-Aranguren eta Laso-Imaz. Aspetik Peio Etxeberriarena da bajarik aipagarriena, eta Baikotik Iñaki Artola. Elezkano II.a-Zabaletak, egungo txapeldunek, atzera ere txapela defendatuko dute eta lehiaketa gogor eta estua espero da. 

Lehen jardunaldia Bartzelonara helduko da
Ostiralean, Berriozarren, Jaka-Mariezkurrena II.ak Peña II.a-Albisu izanen dituzte arerio (22:00, ETB1). Larunbatean bi jardunaldi jokatuko dira, bata Iruñeko Labriten –Urrutikoetxeak eta Arangurenek Lasoren eta Imazen kontra jokatuko dute, 17:15ean–, eta bigarrena Bartzelonan (16:30ean). Kasu honetan, Altuna III.ak eta Martijak Irribarria eta Rezusta izanen dituzte aurkari. Bukatzeko, igandean, Mungian, Ezkurdiak eta Tolosak Elezkano II.aren eta Zabaletaren kontra jokatuko dute (17:00, ETB1).