Areto futbola

Aralar Mendik puntu bat ekarri zuen Anaitasunatik eta Xotak ezer liderraren etxetik

Guaixe 2021ko aza. 17a, 11:30
Aralar Mendi.

Hirugarren Maila. Zazpigarren multzoa. Zortzigarren jardunaldia: Anaitasuna 3 - Aralar Mendi 3 / Ribera de Navarra 8 – Xota 3

Asteburuan areto futboleko Hirugarren Mailako zortzigarren jardunaldia jokatu zen. Anaitasunaren kontra hiruna berdindu zuen Aralar Mendik ostiralean Anaitasuna pabilioian jokatutako partidan. Baina uharte arakildarrendako garaipen zaporea izan zuen berdinketa honek, 33. minutura arte 3 eta 0 galtzen egon baitziren. Baina 33. minututik aurrera Jorge Mariñelarenak, Mikel Martiarenak eta Issa El Akkarik sartutako golei esker berdinketa lortzea eta Iruñetik puntu bat ekartzea lortu zuten uharte arakildarrek. 

Aldiz, Xotak ez zuen ezer ekarri Ribera Navarra liderrari Tuteran egindako bisitatik. Liderra hasieratik hasi zen gailentzen eta konturatu orduko 3 eta 0 galtzen ari zen talde irurtzundarra. Tasio Zunzarrenek sartutako golarekin 3 eta 1 gerturatu ziren markagailuan, baina hortik aurrera beste 5 gol sartu zituen segidan liderrak. Xotako Eneko Ezkietak eta Angel Maria Villarrek sartutako golei esker, emaitza makilatu zuten eta 8 eta 3 galduta itzuli ziren irurtzundarrak etxera. 

Ribera Navarrak jarraitzen du Hirugarren Mailako lider sendoa izaten (24 puntu). Aralar Mendik hamargarren postuan jarraitzen du (5 puntu), eta Xota hamabigarren da (3 puntu). Asteburuan bederatzigarren jardunaldia dago jokoan eta Aralar Mendik hamargarren postuan dagoen Olite taldea hartuko du oraindik zehaztu gabe dagoen orduan. Arerio zuzenen arteko lehia izango da. Xotak ere etxean jokatuko du, Atakondoan, larunbatean, 17:00etan, sailkapenean zortzigarren den Vulcanizados Ruiz Tafa talde tafallarraren kontra.