Zuzeneko transmisioak egiteko aukera ematen du Twitch plataformak, eta horretan, euskarazko aurrenekoetako emankizuna Lord Draugr youtuber etxarriarrak eginen du. Pilula Gorria saioa gidatuko du. Emanaldia sustatu duen lantaldeak azaldu duenez, “tonu arina izanen du, oso informala, bat-batekoa, umoretsua eta zirikatzailea. Umore zuritik guztiz aldentzen saiatuko da, eta naturaltasunaren eta inperfekzioaren aldeko apustua eginen du”.
Saioek elkarrizketaren tartea finkoa izanen dute. Lord Draugrek esan duenez, “elkarrizketatuei hamar galdera zirikatzaile eginen dizkiegu: horietatik zortzik pilula gorriak izan beharko dituzte; hau da, erantzun egin beharko dira. Bi galderatan pilula urdina hartu ahalko dute, eta ez erantzun, hau da, txanda-pasa egin. Galdera zirikatzaile eta deserosoak izanen dira”. Euskal Herriko pertsonaia ezagunak elkarrizketatuko dituzte, bideo dei bidez. Hasteko Aitziber Garmendia aktorea elkarrizketatuko du gaur, 21:00etan. Bi astean behin emanen du saioa Twitch plataforman, zuzenean. Hurrengo gonbidatuen artean Nogen eta Chill Mafia musika taldeetako kideak egonen dira.
Elkarrizketaz aparte, erronkak eginen dituzte ikus-entzuleekin. Eta Interneteko askotariko bideoak zabaldu eta komentatuko dituzte. Umorea ez da faltako. “Ez du formatu zorrotz bat izanen, telebistan bezala. Twitch plataformarako saio bat izanik, formatu askea izanen da. Txat bidez hitz egiten arituko gara. Baita bestelako bideoak ikusten ere”, jakinarazi du Lord Draugrek. “Olgetan ibiliko gara. Ez da ezer serioa izanen”. Lehen denboraldia despeditzean argituko dute zein lantaldek edo hedabidek sortu duen saioa. Emanaldiaren babeslea Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua da.
Saioaren Pilula Gorria izena The Matrix (1999) zientzia fikziozko filmaren tramatik hartu zuten. Neo protagonistari bi piluletako bat hartzeko aukera eskaintzen diote filmean: gorria edo urdina. Pilula urdinak gertatutakoa ahazteko eta matrix-eko errealitate birtualean geratzeko modua emanen dio: eta gorriak, berriz, hartatik askatu eta mundu errealera eramanen du.
Twitch eta euskara
Plataforman gero eta gazte euskaldun gehiago ari dira kanalak zabaltzen. 3000 Twitz kolektiboa hiru helbururekin sortu dute: Twichen euskara hizkuntza ofiziala bihurtzea, Interneteko sortzaile euskaldunak ikusaraztea eta ingurune digitalean euskaraz bizitzea ahalbidetzea. Katalana hizkuntza ofiziala bihurtu zen Twitch-en, 3.000 boto inguru lortu ondoren. Euskara hala izateko, dagoeneko, 4.000 pertsonek eskatu dute. Rikardo Arregi sarien Komunikazio kategoriako finalisten artean dago 3000 Twitz kolektiboa.