‘Urratsez urrats askatasunera!’ jardunaldia Altsasun

Guaixe 2021ko aza. 18a, 09:30
Herriexistentziaren hitzaldietako bat. UTZITAKOA

Bihar, 18:30ean, Iortia kultur gunea Asisko Urmeneta ariko da hizlari. Tokia hartzeko herriexistentzia@gmail.com e-posta helbidera mezua bidali behar da ALTSASU eta izen-abizenak gehituz  

Hitzaldi zikloa Euskal Herriko hainbat eskualdetatik pasa ondoren, Urratsez urrats askatasunera! jardunaldia Altsasura iritsiko da bihar. “Senditu, sendatu, sendotu” leloa beraiena eginez, “gure nazioaren egoera mingarriak antolatzera bultzatuak” izan dira Herriexistentzia ekimenean elkartu direnak. Bihar, Altsasun, Asisko Urmenetak hartu du hitza, estrategia eta praktika askatzaileen inguruan hizketatzeko. 

Herriexistentziaren sustatzaileek gaztigatu dutenez, “independentzia ez dago modan. Azken boladan gure nazioak pairatzen duen jazarpenaz hitz egitea tabua bilakatu da”. Jardunaldiaren antolatzaileek gaineratu dutenez, “eufemismo mordoa asmatu dugu euskaldunok bizi dugun egoera bere gordintasunean ez adierazteko. Errealitateari aurrez aurre begiratzea gogorregia egiten zaigulako, zapaltzaileak haserrarazi nahi ez ditugulako, edo batek daki zergatik”. Haien iritziz, “gaia ekiditeak ez du gure egoera samurtu, kontrakoa baizik. Gero eta asimilatuago gaude, eta mingarria izan arren, heldu da garaia egoeraz hizketatzeko, gure burua diagnostikatzeko eta gaitzari irtenbidea jartzeko”.

Antolatu duten hitzaldi zikloarekin “arrakala honetatik ateratzeko lehen pausoak ematen hasi” direla azaldu dute Herriexistentziakoek. Orain arte Senperen, Hernanin, Gasteizen eta Algortan egon dira eta haietan “herriaren egoeraz eta independentziaren beharraz konplexurik gabe ari gara”. Saio horietan, besteak beste, Asisko Urmeneta, Eneko Bidegain eta Mikel Erauskin pentsalariek parte hartu dute.