Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretu bidez, 2021eko Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina Aimar Olaizola pilotari ohiari eta Juan Carlos Unzué futbolari ohiari emango diela erabaki du. Halaber, 28 Zilarrezko Domina banatuko ditu, Nafarroan kirola sustatzeko zuzendaritza-lanetan edo entrenatzaile gisa egiten duten lanari errekonozimendua egiteko. Horietako bat Sakanara iritsiko da, Miguel Aristorena Lakuntzak jasoko baitu. Aristorenak Etxarri Aranazko Gure Pilota klubean emakumezkoen pala sustatzen 20 urte baino gehiago daramatza lanean, elkarteko presidente, entrenatzaile eta epaile egisa, eta egindako lanaren merezitako aitortza jasoko du.
Sari ematea azaroaren 30ean izanen da, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan Nafarroaren Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldi instituzionalaren barruan, Maria Chivite presidente buru dela.
Ekainaren bukaeran Emakume Master Cup Paleta Goma Txapelketako lehen mailako eta eliteen mailako finalak jokatu ziren Etxarri Aratzen, eta bertan omenaldi beroa egin zioten Miguel Aristorenari, 20 urte luzez emakumezkoen paleta goma sustatzen egindako lan nekaezinarengatik.