Larunbatean Corella Hiria Lur Gaineko Rallysprinteko hirugarren eremua jokatu zen. Guztira 40 talde inguruk hartu zuten parte, asko pilotu ezagunak, Carlos Aldecoa, Iñaki Ubiria eta Javier Leyún esaterako. Eta hain zuzen ere azken honen, Arakil Motosport eskuderiako Javier Leyúnen kopilotua izan zen Javi Goikoetxea kopilotu olaztiarra (Mitsubishi Lancer Evo IX). Talde ezagunekin batera horrenbeste baliabide ez duten taldeak lehiatu ziren, maila polita eman zutenak. Tartean zeuden Sakana Motorsport eskuderiako Iñigo Arbizu pilotu iturmendiarra, Iruñerriko David Iribarren kopilotuarekin taldea osatuta (Ford Focus 1.6).
Lasterketa estua izan zen eta, azkenean, Javier Leyún eta Javi Goikoetxea gailendu ziren (25:54.100), Malerreka Motorsport taldeko Iñaki Ubiriari eta Gorka Biaini (Peugeot 208 R2) 35 segundo aterata (26:29.400). Beste behin, kopilotu bikaina dela erakutsi zuen Javi Goikoetxeak.
Iñigo Arbizuk eta David Iribarrenek lan oso txukuna egin zuten eta 21. postuan sailkatu ziren (29:02.400). Kontuan hartuta aurten hasi direla lur gaineko rallyetan parte hartzen, ez dago batere gaizki.