Urbasako kanpinak hartu zuen Greenpeacek estatuan antolatu dituen bost ekintzaile kanpamenduetako bat azaroko bigarren asteburuan. Beraienak dira hitzak, gureak ekintzak leloarekin egin ziren asteburuko ekintzaile eskola horiek. Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko goi bilerarekin bat egin zuen Greenpeaceren kanpamenduak. “Politikoen gelditasun aurrean, martxan jartzeko prestatu ginen”, adierazi zuten Greenpeacekoek.
Aktibismo kanpamenduan elkartutako pertsonak, alde batetik, brandalismoan trebatu ziren. Hori kontra publizitate kanpaina da, erregai fosilen enpresen publizitatearen kontrako kanpaina zehazki. Bestetik, Greenpeaceko kideak ekintzara nola pasa ikasteko kanpaldiak izan dira. Horregatik, indarkeriarik gabeko ekintza zuzenak eta desobedientzia zibilari buruzko gakoak jaso zituzten.
Kanpamenduan parte hartu zutenak hilaren 14an Etxarri Aranazko eta Altsasuko tren geltokietara joan ziren. Han “jasangarriak izanen diren eta beste herriak trenik gabe utziko ez dituen tren eta mugikortasun baten beharra” aldarrikatu zuten.