ELAk amiantoaren biktimen babesgabetasuna salatu du

Guaixe 2021ko aza. 23a, 12:58
ELAko kideek prentsaurrekoan eman zituzten azalpenak. UTZITAKOA

Sindikatuak enpresen arduradunei eskatu die abian dauden auzibideak ez luzatzeko. Nafarroako Gobernuari, batetik, biktima eta senideendako konpentsazio neurriak eta, bestetik, amiantoa kentzeko neurriak har ditzala.

Amiantoaren eraginpean lanean aritu ziren Sunsundeguiko langile ohi batzuei gaixotasun profesionalak aitortzeko ELAk administrazio eta epai prozedurak abiatu ditu. Helburua da “pertsona horien eta haien senideen aldeko prestazioak, errekarguak eta kalte-ordainak izapidetu ahal izatea”. Sindikatuak jakinarazi duenez, azken hilabeteetan Sunsundeguiko lau langile ohiren minbizi kasuren berri jaso dute, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak amiantoarekin harremana dutela adierazi duela. 

Sunsundeguin tren bagoien eraikuntzan amiantoa erabili zen. Hango langile ohi Juanjo Zelaiak azaldu zuenez, “guri Renfeko makinista batzuek eman ziguten abisua”. Eta lan baldintzak gogorarazi zituen: “amianto urdina, moztu eta atera egiten zen, lurrera erortzen zen eta garbitzaileek jasotzen zuten, pilatxo batzuk egiten zituzten. Eta, gainera, gasoliozko berokuntza sistema genuen, pabiloiko airea hartu, berotu eta berriro botatzen zuena, eta, beraz, ziklo oso batean produktu hori arnasten geunden”.

Ardura eskaerak
ELAk ohartarazi duenez amiantoarekin lotutako gaixotasunak, “enpresen arduragabekeriaren eta joan den mendearen bigarren erdian izandako kontrol publiko eskasaren ondorio zuzena dira”. Sindikatuaren iritziz, “lehentasun politiko eta sozial bihurtu behar da minbizia eragiten duten patologia horiek prebenitzeko eta kontrolatzeko bitartekoak ezartzea, ikertzeko, garaiz detektatzeko eta eragiten dituzten ondorio larriei erantzuteko”. Sindikatuak enpresa arduradunei eskatu die utz diezaiotela lan eremuan amiantoaren eraginpean dauden pertsonen aldeko ebazpen eta epaien aurkako errekurtsoa jartzeari.

Nafarroan 6 milioi metro koadro eta 500 kilometro baino gehiago instalatu ziren zuntz zementuzko estalkietan eta eroanbideetan joan zen mendean, eta horien erretiratze kostua 240 milioi eurokoa  dela kalkulatu da. 2022ko aurrekontu-proiektuak, ordea, 50.000 euroko partida baino ez du aurreikusten amiantoa kentzeko, eta 800.000 euro bideratzen ditu lan-osasuneko gizarte-elkarrizketara. Azken diru sail hori 2018an onartu zen amiantoa kentzeko planera bideratzeko eskatu du ELAk.