Iune Trecet Obeso

"Dezenteko lanketa du azal berezi batek"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko aza. 22a, 08:59

Iune Trecet Obeso saritutako azala ordenagailuan duela.

Tokikomen Azalik Onenaren saria jaso zuen GUAIXEk. Iune Trecet Obesok, GUAIXEko maketatzaileak, azaldu duenez, astekariaren azala “gure lanaren aurkezpen txartela da, sari honekin ikusi den bezala”. 

Euskarazko komunikazioaren arloko 100 lagun inguru elkartu ziren Arrasaten hilaren 12an. Tokikom Sarien seigarren edizioko sari banaketa egin zen, eta ondoren izan zen Komunitatea josten jardunaldian. Tokikom Sariak azal, eduki eta ikus-entzunezko sari onenak aitortu zituen, eta publikoaren botoen bidez, Komunitatearen Saria eman zen. Azalik Onenaren saria GUAIXEk jaso zuen. Oporren aurretik argitaratutako zenbaki bereziko azala da saritua izan dena. 

Epaimahaiak esan zuenez, "azalak balio informatibo handia ere badu, eta primeran islatzen du eskualdeko mapa erreferentziala. Begi-kolpe batean ikusten da herri bakoitzean zer dagoen, eta bertako ondare natural eta kulturala oso modu bisualean islatzen da". Horrek guztiak zer esan nahi du zuretako? 
Arrazoia ematen diet. Egia da: azalak islatzen duena Sakana osoa da, Sakanan egiten diren gauzak, Sakanan dauden gauzak. Eta, aldi berean, udako zenbaki berezi horren barruan dagoen eduki guztia islatzen du. Eta nire lankide guztien lan txukun hori. 

Zer sentitzen duzu aitortza horrekin? 
Laugarren aldia da GUAIXE finalista izan dena, egia da beti hor gaudela finalisten artean, eta, azkenean, lortu izanak poza ematen du. Gure lana txukun egiten ari garela adierazten du. Egia esan, oso-oso pozik. 

Azala eta kontra azala, bi orri hartzen zituen saritutako lanak. 
Hori da. Ni hemen nagoenetik lehen aldia da horrelako zerbait egiten duguna. Saiatu ginen zerbait berezia egiten, eta poster moduko bat sortu genuen. 

Nola sortu zen azal bikoitza egiteko ideia eta haren edukiak? 
Dena zenbaki berezi horretatik heldu da. Oporretara joaten gara, hilabete batez GUAIXE atera gabe egon behar izaten gara, eta gure irakurleei oparitxo bat emateagatik, azkeneko urte hauetan saiatu gara zenbaki berezi hori egiten. Denen artean sortzen da ideia, nondik joanen den. Aurten Donejakue bidea oinarria izan zenez, lantaldean bururatu zitzaigun irudi bidez hori guztia isladatzea, eta azal hori sortzea. 

Azal berezi gisa definitu dezakegu, baina hori ez da betiko martxa GUAIXEn. 
Ez, baina azal batek beti dauka lanketa. Astero erabaki behar da zeri eman garrantzia, zer jarri. Azkenean nik gauzatzen dut, baina lantaldeak sortzen duen zerbait da, denon artean egiten dugun gauza bat da. 

Noiz erabakitzen duzue azal berezi bat egitea? 
Badaude data bereziak: martxoak 8, Santa Agedak, edo ale bereziak ditugunean. Laster 800 zenbakia heldu da eta, normalean, halakoetan zerbait egiten dugu. Horiek aldez aurretik erabakitzen dira. Denborarekin. Ez da asteazkenean erabakitzen ostiralean azal berezi bat argitaratuko dugula. Dezenteko lanketa du azal berezi batek. Beste azalekin berriz, astean zehar hitz egiten dugu zein gairi eman garrantzia, zer hartu azal hori betetzeko. 

Nola lantzen dituzu azalak? 
Normalean lehen pausoa ideiak sortzea izaten da. Askotan lehenengo gauza Interneten kuxkuxeatzea izaten da, zer izan daitekeen, zer ez. Azal horren lehenengo zirriborroa beti koadernoan egiten da, arkatzarekin, borragomarekin eta orri txuri batekin. Hori beti da horrela. Behin hori sortuta, koloreak datoz eta papera marrazten dut. Edo ordenagailuan sortzen hasten naiz. Behin ordenagailuan sortuta, normalean lantaldeari bidaltzen diot. Baiezkoa jaso, edo bidea hori dela partekatzeko. Ondoren, azken ikutuak ematen dira. 

Demagun aste honetakoa ez dela azal berezia. Zein da zure martxa? 
Astelehen eta asteazkenetan erredakzio bileran elkartzen gara eta hor ateratzen dira gaiak. Normalean irudiak dira, argazkiak, ez dira koaderno batean sortutako zerbait, nahiz eta, zirriborroa koadernoan sortzen den. Gaia landu behar duen kazetariarekin hitz egiten dut, eta erabakitzen da zein argazki aukeratu gai horretarako. 

Astero-astero ikusten duzu zure lana kalean. Zer sentitzen da?
Polita da. Gauza bat da pantailan egitea eta beste bat paperean ikustea. Egia da batzuetan azal horiek hainbestetan ikusi dituzula, hainbeste buelta eman dizkiozula, iristen dela momentu bat nazkatzen zarena. Baina, ondoren, paperean ikusita, berriro gustatzen zaizu. 

Sariarekin batera zorion agurrik jaso duzu? 
Bai, egia esan, espero nuena baino jende gehiagok zoriondu nauela, eta eskerrik asko denei. Aurrera egiteko motibazioa da. Azkenean, azal horiek lana dakarte bai taldean, bai niretako. Eta horrelako isla izateak aurrera jarraitzeko gogoa ematen du. 

BESTE SARITUAK
Eduki onena
Hego Uribeko Geuria aldizkaria,  Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak monografikoagatik.

Ikus-entzunezko Onenaren Saria 
Goierri Irrati Telebistak jaso zuen Ateak itxi, leihoak ireki lanagatik

Komunitatearen Saria
Karkara aldizkariaren Bandera da Orion azalak eskuratu zuen.