Astekaria

Autodefentsa feminista antolatzera deitu dute

Altsasun egindako kontzentrazio bat. ARTXIBOA

Gaur, 19:00etan, Altsasuko foru plazatik Sakanako Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa abiatuko da

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna dela eta, Sakanako Mugimendu Feministak kalera ateratzera deitu ditu sakandarrak. Bizitzak orain! leloa duen manifestazioaren bidez “emakume* izate hutsagatik egunero pairatzen ditugun indarkeria anizkoitzik gabeko bizitza askeen alde” eginen dute. “Etxeetan eta kaleetan pairatu izan dugun biolentzia izugarria izan da azken urtean”. LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako erasoak, gorroto diskurtsoak eta sexu orientazio eta genero identitateagatik ematen diren bazterketak ere gogoan izan dituzte deialdia egiterakoan. Eragile guztiei “indarkeria matxistarik gabe bizitzekoko eskubidearen alde” lan egiteko exijitu diete; “ez dugu benetako neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsailik onartuko, ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere”. 

Sakanako Mugimendu Feministak autodefentsa feminista antolatzearen aldeko mezua zabaldu du, “gure bizitzak defendatzeko, ikasi ditugu arauak zalantzan jartzeko, hainbat indarkeria eta errealitateri modu indibidualean eta kolektiboan aurre egiteko”. Horregatik, ostegunean kaleak hartzera deitu dute.