Sakanako udalek, Nafarroako beste makina batekin batera, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna dela eta, erakunde adierazpena onartu dute. Udalen iritziz, “indarkeria matxista egiturazko izaera du, indarkeria hori mila modutan adierazten da, eta horren aurrean, gizarte eta kultura aldaketak sustatzeko esku hartzen jarraitu behar dugu”. Udalek ere “emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra helburu” dutela nabarmendu dute, “hori baita indarkeria matxista desagerrarazteko bide bakarra”.
Horregatik, udalek bere“arbuioa” adierazi diote “emakumeen aurkako indarkeria mota orori, edozein arlo eta testuingurutan”. Aldi berean, toki erakundeek, konpromisoa hartu dute “agenda politikoan emakume eta neskatoen indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea bermatzen duten neurriak txertatzeko, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin eta herritarrekin elkarlanean”. Horretarako, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko Foru Legean oinarrituko dira, haren Ekintza Planean jasotako betebeharrak tokian-tokian betez, baita hainbat baliabideren arteko tokiko koordinazio protokoloak ezarriz, indarkeria matxistekin lotutako araudia berriak sortuz eta Estatuko Itunaren eguneraketarekin ere.
Azkenik, udalek konpromisoa hartu dute “emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduketak koordinatzeko tokiko protokoloak bermatzeko, eta sentsibilizazioan, prebentzioan, arretan, esku-hartzean eta erreparazioan lanean jarraitzeko”.
Hausnarketa
Ibarreko udalek emakumeen aurkako edozein indarkeria mota “egiturazko izaera” duela nabarmendu dute. “Horrela bakarrik uler dezakegu haren konplexutasuna eta hura ezabatzeko erantzun egokiak ezarri. Emakumeen aurkako indarkeriak haien giza eskubideak urratzen ditu eta horregatik emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko betebehar legal, politiko eta etikoa dugu”.
Udal arduradunek ziurtatu dutenez, “egitura patriarkalak emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria birsortu eta sakontzen du, eta horrela, indarkeria matxista berresten du”. Horregatik, Sakanako toki erakundeek beharrezkotzat jo dute “emakumeen kontrako indarkeria ahalbidetu eta normalizatzen duten kulturalki eraikitako praktikak berraztertzera, hala nola, genero rol eta estereotipoak; izan ere, indarkeria horrek badu generorik, eta gizonek erabiltzen dute emakumeen kontra”.
Indarkeria matxistak 112 emakume eta 11 ume hil ditu Euskal Herrian 2.003tik. “Baina kopuru horrek bakarrik bikotekide edo bikotekide ohien testuinguruan ematen den indarkeria islatzen du”. Udalen iritziz “beste errealitate batzuk ezkutatu eta beste indarkeria mota batzuk ikusezin bihurtzen ditu, esate baterako, sexu indarkeria eta adingabeek jasandako indarkeria”. Horregatik, aipatu kopuruak “izebergaren tontorra baino ez” direla azpimarratu dute udal arduradunek, gaineratuz: “datu horiek emakumeen kontrako indarkeriaren forma agerikoena baino ez digute erakusten. Izan ere, kopuru horien atzean emakumeak eta neskak baitaude, beste indarkeria mota askori aurre egiten, horietako batzuk eguneroko testuinguruan ikusezinak eta normalizatuak”. Azken horiek zerrendatu dituzte: indarkeria psikologikoa, sexu indarkeriaren hainbat adierazpen, erakunde indarkeria, ekonomia indarkeria eta sinbolo indarkeria… Udaletatik argitu dutenez, “indarkeria esparru guztietan ematen da, publikoetan eta pribatuetan, eta gizarte klase eta kultura testuinguru guztietan”. Horregatik, toki erakundeek azaroaren 25erako Indarkeria bakarra, milaka modu leloa aukeratu dute aurten.