Aizkora

Aizkolariak, Bilboko final handiari begira

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 19a, 13:04

Igandean Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko final handia jokatuko da 12:00etan Bilbao Arenan eta Miribilla aizkora zaleen bilgune izango da. Txapelketako kanporaketan erori ziren Sakana Aizkora Eskolan trebatu eta Sakanan bizi diren Arkaitz Jauregi eta Eloy Corchero, baina finala ez dute galduko

Igandean Euskal Herriko Aizkolari Elkarteak antolatutako Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko final handia jokatuko da Bilbao Arenan, 12:00etan. Ikusmina handia da eta makina bat sakandar hurbilduko dira ikuskizun itzela izango dena zuzenean jarraitzera. Finala galduko ez dutenen artean daude Arkaitz Jauregi Gorrotxategi (Ilarduia, 1984-07-23) eta Eloy Corchero Martinez de Gereñu (Araia, 1993-03-18) aizkolariak. Arabarrak dira biak, baina Sakanako Aizkora Eskolan trebatuak eta Sakanan bizi direnak, lehena Altsasun eta bigarrena Lakuntzan, eta joan den urtean sortutako Euskal Herriko Aizkolari Elkarteko kideak, txapelketa antolatuko duen elkartekoak, hain zuzen ere.

Biak Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusian lehiatu ziren, baina urriaren 30ean Zestoan jokatutako kanporaketan ez ziren finalerako sailkatu. “Finalean ez egoteak pena ematen du, baina argi geneukan finalera sailkatzea ia ezinezkoa zela” azaldu du Corcherok. Kanporaketan Jauregi hamaikagarren sailkatu zen (23:50) eta Corchero hamahirugarren (24:48). Sei onenak –Mikel Larrañaga (16:44), Eneko Otaño (17:57), Iker Vicente (18:11), Aitzol Atutxa (19:16), Txikia IV.a (19:25) eta Jon Irazu (20:03)– igandeko Bilboko finalerako sailkatu ziren, eta azkenak, Eloy Corcherok hain zuzen ere, maila galdu zuen. 

Eloy Corchero: "Biok argi genuen Bilboko finalera sailkatzea ia ezinezkoa zela"

Jauregi txapelketan parte ez hartzekotan egon zen. “Gero eta denbora gutxiagorekin nenbilen eta nire ibilbidea egina bezala ikusten nuen. Baina Eloyk Promozioko Txapelketa zuen, eta berarekin aritu nintzen txapelketa prestatzen. Berak animatu ninduen Txapelketa Nagusira aurkeztera. Pentsatu nuen: ez atera eta maila galtzea, edo azkena gelditu eta mailaz jaistea, antzeko. Eta atera nintzen. Itxurazko lanik ez egiteak beldurra ematen zidan, baina zorionez pixka bat aurrerago sailkatu nintzen, maila mantendu dut eta ezin dut gehiago eskatu” dio Jauregik. Aldiz, Corchero ez zen egindakoarekin pozik geratu. “Bi aste lehenago Promozioko Txapelketa jokatu nuen, ni promozio mailakoa bainintzen. Bigarren sailkatu nintzen eta Txapelketa Nagusian jokatzeko txartela lortu nuen. Egia esan, aurten egindako entrenamenduak kontuan hartuta, maila nagusira igotzea ez nuen espero, baina behin igota, maila mantentzea nahi nuen. Kanporaketa egunean, ordea, ez nuen batere gozatu. Urduri, nerbioei ezin eutsi ibili nintzen, eta emaitzarekin eta egindako lanarekin ez nintzen kontentu geratu” adierazi du Araiakoak. Zer ote den burua. Baina aurten promoziotik maila nagusira igo bada, zergatik ez hurrengoan?

Larrañaga oso ondo ikusten du Jauregik. Vicentek ez duela huts egiten dio Corcherok

Larrañaga, Vicente, Otaño…
Igandeko Bilboko finala estua izango dela aurreikusten da. Nor gailenduko da? “Kanporaketan sei enbor erdibitu behar ziren, eta Larrañagak aparteko denbora egin zuen (16:44). Orain arte Larrañaga aurtengo txapelduna izan zitekeela uste nuen. Igandean, Gipuzkoako Txapelketan ikusi nuen, eta oso ongi aritu zen, baina zalantza batzuk sortu zitzaizkidan. Uste dut egurra sendoagoa zela, baina ez dakit...” dio Jauregik. 

Iker Vicente, egungo txapelduna, irabazleen kinieletan egoten da beti. “Vicentek duena da ez duela huts egiten. Bere lana ongi egingo du, eta irabazi nahi dionak, Larrañaga, Otaño, edo dena delakoa, bera baino hobeto ibili beharko da. Hari irabazteko dena ongi egin behar da” uste du Corcherok. Kontuan izan behar da igandeko finalean kanporaketaren lan bikoitza egin beharko dutela; hau da, hamabi enbor erdibitu beharko dituzte. “Lana bikoizten da, eta aldea handia da. Horregatik aldaketak egon daitezke. Larrañagak kanporaketan erakutsi zuen maila finalean eustea…” zalantza du Corcherok. “Nik Larrañagari ikusten diodana da ez dela husten. Fisikoki aurrera jarraitzen du, eta lan handitarako ona da hori. Ondo ikusten dut, oso ondo” dio, aldiz, Jauregik. 

Emakumezkoen finalean hiru aizkolari lehiatuko dira: Zelai III.a, Ansorregi eta Maika. “Azkeneko urteetan emakumezkoen maila asko igotzen ari dela iruditzen zait. Bost neska aritu dira txapelketan, pixkanaka animatzen doaz eta pozik gaude. Elkartearekin harremanetan jarri ziren gure txapelketetan parte hartzeko eta gustu handiz lekua egin genien. Hau ere final polita izango da” nabarmendu du Corcherok. 

Epaile eta ikusle
Corcherok epaile aritu beharko du Bilboko finalean. “Senitartekoak, kuadrillakoak eta nire taldean ni laguntzen ibiltzen direnak, guztiak joango dira finalera. Baita Ramoseko lankide batzuk ere” aipatu du. Ingurukoak aizkorara erakarri dituela agerikoa da. Jauregi, aldiz, finaleko ikusle izanen da Bilbon. Familiak konpromiso bat dauka, eta finala ikusi eta berehala itzuli beharra du. “Horregatik ez naiz epaile ariko. Baina gertuko lagunak Bilbora joango direla espero dut” dio. 

Izan ere, aizkora final berezia izango da, joan den urtean Euskal Herriko Aizkolari Elkarteak antolatu zuenaren bide beretik joango dena. Aizkorari ikuspegi modernoa emateko asmoz eta finalari ikusgarritasuna emateko ikuskizun ederra antolatu zuten joan den urtean, eta aurten ere argiztapenek, musikak, irudiek eta sorpresek toki handia izango dute. “Sherpa.ai elkarteak beti gordetzen du sorpresaren bat. Joan den urtean robot batek eman zituen sariak, eta aurten ere zerbait berezia eginen dute. Argiak, aurkezpena, hizlariak… guztia kontuan hartuta ziur ikuskizun ederra izango dela” dio Corcherok. Udazken hotzeko igande bat modu ezberdinean pasatzeko plan ederra. 

Finala gerturatu ahala, mugimendu handiagoa sumatzen da. Sarrerak online eros daitezke (www.aizkolaritxapelketanagusia.eus). “Bilbora doazen zaleek emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketaz goza dezatela eta ikuskizuneko emozioak bizi ditzatela, hori da elkartetik espero duguna. Urte zail honetan, eta sekulako esfortzua eginez, pixkanaka gauzak ateratzen ari direla ikustea. Ikuskizun ederra izango dela espero dugu” dio Corcherok, eta Bilbora joatea animatu ditu Guaixeko irakurleak. 

Bestalde, telebista emisioaren aldetik ere aldaketak datoz, aurten Gol TV telebista kateak eskainiko baitu final handia igandean, zuzenean. “Telebista kateak sekulako laguntza eman digu, eta euren programazioan tarte bat ireki dute igandean 12:00etan finala zuzenean eskaintzeko. Mundu mailan ikusi ahal izango da. ” nabarmendu du Corcherok.

Sakanako Aizkora Eskolan trebatuak
Arkaitz Jauregik Ilarduiako La Leze familiako gaztandegian egiten du lan. Artzaina eta nekazaria da. Eloy Corchero, aldiz, ingeniaria da, eta Altsasuko Ramos y Cía enpresan erosketen sailean egiten du lan. Horretaz gain, familiak egurra saltzeko negozioa du Araian eta laguntzen du. Hala ere, aizkorarako tartea ateratzen saiatzen dira. Nabarmentzekoa da biak Sakanako Aizkora Eskolan hasi zirela aizkoran. “Aizkora mundurako agian berandu hasi nintzen, 22 urte nituela, kasualitate hutsez. Pilotan asko jokatutakoa naiz, baina egia esaten badizut, telebistan aizkora ikusten nuenean normalean kanala aldatzen nuen. Jose Ignazio ‘Axio’ zenaren semea, Iurgi, laguna nuen, eta esan zidan Sakanako Aizkora Eskolan hasi behar zuela. “Zu hasten bazara, ni ere bai” esan nion. Eta horrela hasi ginen” gogoratu du Jauregik. 

Eloy gazteago hasi zen, 15 urte zituela. “Etxean ez zuten aizkora jarraitzen baina nik txikitatik oso gustuko nuen. Arkaitzi non hasi galdetu genion, eta bere bitartez Axio ezagutu eta Sakanako Aizkora Eskolan hasi nintzen” aipatu du Corcherok. Aizkoran hasteko baliabideak behar dira, egurra, aizkorak eta beste, eta batez ere, irakaslea, “eta Axiok baliabide horiek guztiak eskaintzen zizkien gazteei, eskolaren bitartez. Bera izan zen eskolako sustatzailea, Mankomunitatearekin” nabarmendu du Jauregik. Sakanako Aizkora Eskola nazabaldarren bordan kokatu zuten, eta Juan Mari eta Floren aita-semeak ere aritzen ziren irakasle, Axiorekin batera. Erdoziatarrek askoz ere beranduago hartu zuten txanda. 

Arkaitz Jauregi: "Aizkoran hasteko baliabideak behar dira, eta Axiok eskaini zizkigun, Sakanako Aizkora Eskolan"

Corcherok Araian du entrenatzeko tokia, etxeko bordan. Bestalde, bere pabilioian tokirik gabe geratu, eta Floren Nazabalen bordan entrenatzen du Jauregik, “baina aurten ia ez naiz joan. Egia esan, aurtengo Aizkolari Txapelketa Nagusia ez dugu kapritxoz prestatu, ez Eloyk ezta nik ere. Niri balio izan didana da joan den urtekoa, 2020koa, mimoz prestatu nuela. Neguan erabat utzi nuen aizkora, baina Sherpa.ai Binakako Txapelketarako elkarrekin jarri gintuzten Eloy eta biok, eta berarekin entrenatzeak asko lagundu zidan berriz ere aizkora puntu hori, ez aurrekoa bezalakoa, lortzeko” aipatu du Jauregik. 

Binakakoa
Sherpa.ai Binakako Txapelketara lau bikotek hartu zuten parte, eta Jauregi eta Corchero ondo prestatuta iritsi ziren txapelketara. “Puntu oso onean iritsi ginen txapelketara. Oso ongi moztu genuen, baina estu joan zen txapelketa, egur batekin ez genuen zorte handirik izan, eta pixka bat atzeratu ginen. Laugarrenak sailkatu ginen, baina lehendabizikotik azkenera arte ez zegoen minutu bateko alderik ere. Egindakoarekin kontentu gaude” azaldu du Jauregik. Iritzi berekoa da Corchero. “Maila oso handia zegoen. Etxean egindako entrenamenduetan oso denbora onak egin genituen, eta horrela arituz gero aurreko bien artean sailkatuko ginela uste genuen. Plazan etxean baino 3 minutu gutxiagoko denbora egin genuen, eta pentsa, azkenak izan ginen” gaineratu du. Horrek erakusten du aizkoran sekulako maila dagoela. “Pandemian egin ahal zen gauza bakarra entrenatzea zen, eta badirudi kirol guztietan mailak goraka egin duela” dio, irribarrez. 

Ingurukoen lana, ezinbestekoa
Eurek entrenatu ahal izateko ezinbestekoa da senitartekoek, gertukoek eta lagunek egiten duten lana. “Entrenamendurako egurrak jaitsi, ez lehortzeko urez bustita mantendu, eta bukatzerakoan guztia jaso… 20 edo 30 minutuko entrenamendua egiteko bi ordu baino gehiago behar dira prestaketetan, eta gure ingurukoek egiten dute lan garrantzitsuena. Azkenean, guk lan politena egiten dugu: aizkorak hartu, egurrak moztu, dutxatu, eta hurrengo egunean plazara atera. Atzetik dugun laguntza nabarmentzekoa eta eskertzekoa da” eskertzen du Corcherok. 

Zenbat aizkora dituzten galdetuta, Jauregik aizkoran ibiltzeko prestatutako 22 aizkora dituela aitortu du (australiarrak, bi izan ezik), eta Corcherok hamar edo hamabi inguru (australiarrak, hiru izan ezik). “Bertakoak ditudanak Urnietakoak dira, eta oso ongi ibiltzen dira” dio. “Hemengoak, azkenean, australiarren kopiak dira” erantzuten du Jauregik. “Bai, beraien atzetik goaz. Lehen, hemen egiten ziren aizkoren, eta australiarren artean, alde handia zegoen; hangoak askoz hobeak ziren. Baina hemengoak asko hobetu dira” ados dago Corchero. Aukeran australiarrak nahiago ditu Jauregik, “baina esan beharra dago hemengo aizkorei ez diedala aukera nahikorik eman australiarren mailan dauden ikusteko” dio. 

Biak Bilbora begira daude, aizkora zale guztiak bezala. Izan ere, igandekoa handia izango da.