Ez da erraza pobrezia energetikoa definitzea, edo zenbat pertsonek jasaten duten jakitea; definizio bakar bat ez dago eta pobrezia energetikoa neurtzeko sistema bateraturik ezta ere. Hala ere, argi dago krisiak azalera ekarri duen eta azken urteotan zabalduz joan den arazo batez ari garela.
Nola definituko genuke?
Familia batek bere etxeko beharrak asetzeko behar adina energia ordaintzeko gai ez den egoerari horri pobrezia energetikoa deritzo. Era berean, bere diru sarreren zati handi bat bere etxebizitzaren faktura energetikoa ordaintzera bideratzera behartuta dagoen egoera. Urteko sasoiaren arabera, elikadura egokia eramatea eta etxea freskatzea edo berotzea dira egoera horretan dauden pertsonen oztopoetako batzuk.
Milaka familia dira egunero argia, ur beroa edo eta gasik gabe egon behar direnak, hornidura hauek sortzen dituzten gastuei aurre egiteko gauza ez direlako, eta horrek baldintza deserosoetan bizitzera behartzen ditu. Pandemiaren ondorioz, egoera horrek okerrera egin du, eta 2021ean, argiaren, uraren zein gasaren ordainagiriei aurre egiteko zailtasunak dituzten familien kopuruak gora egiten jarraitzen du.
Gure eskualdean laguntza ekonomikoen eskaerak ugaritu egin dira, bai eta pertsona edo familien egoera ekonomikoa larriagotzen dituzten beste egoera batzuk ere. Aspalditik ikusten ari gara kontzeptu horietan egindako gastuaren ehunekoa, familia gastuen ehuneko kopuru handia dela, eta horrek Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaileengan eragina dauka.
Familia horien ezaugarriei dagokienez, laurden batek sostengatzaile nagusia langabezian du. Guraso bakarreko etxekoen unitateek arrisku handiagoa dute eta %90ek emakumeak dituzte buru.
Eraikinen antzinatasuna erabakigarria den beste faktore bat dugu. Hala, energia pobrezian dauden familien %80a, 25 urtetik gorako etxebizitzetan bizi da. Gaur egun, gure eremuak ez du Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileentzako etxebizitza arazoari aurre egiteko gaitasunik, eskualdean alokairuko etxebizitza aurkitzea ezinezkoa bihurtu baita.
Pobrezia eta gizarte bazterketa kontzeptu zabalagoak dira, eta askotan, ez datoz bat pobrezia-energetiko terminoarekin. Hainbat familiek pobrezia energetikoaren ondorioak pairatu ditzakete pobrezia zein gizarte bazterketa jasateko arriskurik gabe. Hala ere, egoera horietara iristeko abiapuntua bilakatu daiteke.
Zenbait ikerketek dioten bezala, pobrezia energetikoa pobreziaren beste dimentsio bat da, horregatik, pobrezia energetikoa arintzeko neurriak gizarte politikaren bidez jorratu behar dira. Modu honetan, familien diru sarrerak handituz eta eraginkortasun energetikoaren aldeko politiken bidez, familien gastuaren murrizketa sustatuko litzateke.