pilota

Hasi da Binakako ikuskizun handia

Guaixe 2021ko aza. 22a, 11:05

Elezkano, pilotakada jaso berri. Zorionez, sustua besterik ez zen izan. ASPEPELOTA.EUS

Elezkanok eta Zabaletak Ezkurdiari eta Tolosari irabaziz ekin diote Binakako Txapelketari. Altunak eta Martijak ere galdu egin zuten, Bartzelonan, Irribarriaren eta Rezustaren kontra. Promoziokoan Bakaikoak garaipenarekin hasi du txapelketa

Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak, egungo txapeldunek, atzo eman zioten hasiera Binakakoari. Joseba Ezkurdia eta Binakako Txapelketan debutatu zuen Xabier Tolosa izan zituzten aurkari Mungian jokatutako partidan. Pareko hasi ziren bi bikoak, 5 eta 7an sustoa gertatu arte. Ezkurdiari ezkerrekoak ihes egin zion eta Elezkanoren masaila bete-betean harrapatu zuen, begiaren ondoan. Odoletan hasi, tirita jarri, eta ez zela txoratzen ikusi eta gero, partidak aurrera jarraitu zuen. Eta nola gainera, Ezkurdiak eta Tolosak zazpina berdindu eta gero, hortik aurrera ikusgarri aritu baitzen Elezkano. Zabaleta ere ongi aritu zen, nahiz eta berak aitortu ez dagoela bere onenean, eta, horrela, biko arrakastatsua zuzenean joan ziren 22raino. Tolosak Zabaletaren aurrean sufritu egin zuen, eta Ezkurdiak min egiteko aukera gutxi izan zuen. Hala ere, bikoteak ez du ondorio txarrik ikusi behar, partidaren lehen zatian ongi aritu zirelako. 

Bestalde, Altuna III.ak eta Martijak 11 eta 22 galdu zuten Irribarriaren eta Rezustaren kontra Bartzelonako Vall d´dHebronen jokatutako partidan. Bi ezkerrek maisuki jokatu zuten, sekulako maila erakutsi zuten eta partidaren jaun eta jabe izan ziren hasieratik, 0 eta 9 aurreratuz ekin baitzioten partidari. Irribarria izan zen partidaren erritmoa ezarri zuena. Altunaren eta Martijaren erantzuna berandu iritsi zen: 10 eta 15 hurbiltzea lortu zuten, baina Irribarriak eta Rezustak ez zieten aukerarik eman izan nahi eta 11 eta 22 gailendu ziren. 

Gainontzeko partidetan Lasok eta Imazek bederatzi tantotan utzi zituzten Urrutikoetxea eta Aranguren eta Peña II.ak eta Albisuk 22 eta 15 irabazi zuten Jakaren eta Mariezkurrena II.aren kontra. 

Datorrena
Ostiralean, Galdakaon, Urrutikoetxeak eta Arangurenek Jaka eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari (ETB1, 22:00). Larunbatean, Labriten, Lasok eta Imazek Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute (ETB1, 17:15). Elezkano eta Zabaleta Irribarriaren eta Rezustaren kontra ariko dira igandean Azkoitian (ETB1, 17:00), eta Ezkurdiak eta Tolosak, aldiz, hurrengo asteartean jokatuko dute, azaroaren 30ean, Eibarren, Altuna III.aren eta Martijaren kontra.

Bakaikoak irabaziz ekin dio Promozioko Binakakoari
Joanes Bakaikoa etxarriarrak ongi hasi du Promozioko Binakako Pilota Txapelketa. Larunbateko Labriteko jaialdia zabaltzen zuen partidan, Bakaikoak eta Elizegik 22 eta 13 irabazi zieten Larrazabali eta Salaberri II.ari, eta euren lehen puntua lortu zuten. Asteburuan bigarren jardunaldia dago jokoan. Ostiralean, Asteasun, Bakaikoak eta Elizegik Alberdi eta Uriondo izanen dituzte aurkari (22:00).