Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan eta Onomastikako IV. Topaketan Baskonizazio Berantiarraren Teoriaren defendatzaileak eta Mitxelenak irakatsitako ohiko teoriaren jarraitzaileak foro berean aurkitu ziren berriro, eta txinpartarik atera ez bazen ere, bada hurrengo ikastaroetarako ardagaia.
Baskonizazio berantiarraren gaia modan jarri da ETBk duela gutxi emititu eta showman orojakile batek gidaturiko programa bati esker. Aurkezle honentzat, euskaldunok betidanik hemen egon garela esatea teoria mitologiko bat da, apaizek eta euskal sineskerien defendatzaileek irakatsia. Baina orain teoria zahar horiek guztiak gainditu dira ezjakintasunarekin amaituko duen teoria berritzaile honekin. Honen arabera, VI. mendera arte Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ez zen euskaraz mintzatu, baizik eta latinez edo eta, beharbada, zelta hizkuntzaren batez.
Hala eta guztiz ere, Baskonizazio Berantiarraren Teoria berria izatetik urrun dago, Sanchez Albornozek eta bestek frankismoaren garai ilunetan defendatutako teoria klasikoaren jarraipen zuzena baita. Orain datu berriak dituztela esan, eta 1987tik hona egin diren indusketei esker ikertzaile guztiek (“Iruña Veleiaren alde daudenak izan ezik”) teoria honen alde daudela aldarrikatu dute. Baina, funtsean, teoria hau Sanchezek 1957an idatzi zuen berbera da, alegia, erromatarrek baskoiak barduliarrengandik eta karistiarrengandik garbi bereizi zituztela: baskoiak alde batetik, iberiar puruak edo iberiar garbien anai-arrebak zirenak, erabat iberiartuak, Ebroko beste herriekin batera Zaragozako eraginaren pean zeudenak, eta beste alde batetik, euskal depresioko biztanleak, kantabriarrak zirenak (eta ez baziren, ahaide hurbilak).
Hauen arabera, gu gaurko euskaldunak ez gara jatorrizko euskaldunak, iberiarrak edo zeltak baizik. Euskara ez zen gure hizkuntza, Garonako iturrietan bizi ziren akitaniar batzuena baizik, zeinek, dirudienez, gure lurra inbaditu ondoren euskaraz hitz egitera behartu gintuzten D ereduaren bitartez.