Nafarroako Berdintasun Institutuak jakinarazi duenez, sexu indarkeriagatik polizia etxeetan hemezortzi salaketa jaso ziren agorrila akaberara arte, Guardia Civilak eta Foruzaingoak bederatzina salaketa jaso zituzten. Zazpi salaketa indarkeria fisikoa eta psikikoagatik jarri zituzten, bost indarkeria psikikoagatik, beste bost babes agindua urratzeagatik eta bat sexu indarkeriagatik.
Salatzaileetako bat adin txikikoa da. Bestalde, gutxienez sei kasutan seme-alabak zeuden tartean, bederatzi ume guztira. Herriei dagokienez, salaketa horien erdia Arakil aldean jarri ziren, sei Burundan eta hiru Sakana erdialdean.
Hileka
Ilbeltzean bi salaketa izan ziren. Bere bikotekideak emandako tratu txar psikikoarengatik salaketa aurkeztu zuen 50 urtetik gorako burundar batek. Eta bestelako harreman bat duen baten aldetik tratu txar fisiko eta psikikoak jaso izana salatu zuen ibarraren erdialdean bizi den emakumezko batek, 30 urtetik gorakoa. Otsailean beste salaketa pare bat izan ziren, Arakil aldeko bi emakumezko gazteek jarriak. Baten kasuan bere bikotekideak eragin zizkion tratu txarrak. Bestearenean ez zegoen inolako harremanik. Martxoan beste bi salaketa izan ziren. 50 urtetik gorako Arakil aldeko emakumezko batek tratu txar psikikoak salatu zituen. Eta 20 urtetik gorako burundar batek, berriz, tratu txar fisiko eta psikikoak salatu zituen. Bietan egungo bikotekideak izan ziren salatuak.
Apirilean lau salaketa jarri ziren. Emakumezko gazte batek salatu zuen bere bikotekideak babes agindua urratu zuela. Bestetik, 40 urtetik gorako Arakil aldeko batek tratu txar psikikoak salatu zituen, kasu horretan erasotzailearekin ez zegoen inolako harremanik. Gainera, bere bikotekide ohiek babes agindua urratu zutela salatu zuten Sakana erdialdeko eta Burundako emakumezko banak. Aurrenak 40 urte pasa ditu eta atzenak 20 urtetik gora ditu.
Maiatzean ere hiru salaketa jaso ziren. Bestelako erlazioa zuen baten aldetik sexu indarkeria jaso izana salatu zuen Arakil aldeko emakume gazte batek. Babes agindua urratu izanagatik salaketa jarri zuen bere bikotekide ohiaren kontra Sakana erdialdeko emakumezko batek. Salaketa bera egin zuen Arakil aldeko beste emakumezko batek, hark bere bikotekidearen kontra. Bi salatzaileek 30 urtetik gora dituzte.
Garagartzaroan tratu txar psikikoengatik salaketa jarri zuen Burundako emakumezko batek bere bikotekidearen kontra. Salatzaileak 60 urte baino gehiago ditu. Garilan bi salaketa izan ziren. Bikotekidearen aldetik indarkeria fisiko eta psikikoa jaso izana salatu zuen 30 urtetik gorako emakumezko batek. Bestelako erlazio bat izanik tratu txar psikikoak jaso izana salatu zuen 40 urtetik gorako emakumezko batek. Biak Arakil aldekoak dira. Agorrilean pare bat salaketa izan ziren Burundan. Bietan egungo bikotekidearen aldetik eraso psikiko eta fisikoak jaso izana adierazi zuten. Bi salatzaileek 40 urtetik gora dituzte.
Azken urteetako salaketen azterketa
Urteka
Sexu indarkeriagatik emakumezko sakandarrek 115 salaketa jarri dituzte 2018tik aurtengo agorrila akaberara arte. 2018an 37 salaketa izan ziren. Hurrengo urtean salaketa kopurua %45 jaitsi zen, 20ra. Baina, mugimendu feministak salatu bezala, pandemiak sexu indarkeria handitzea ekarri zuen, eta 2020an jarritako salaketen kopurua aurreko urtearen bikoitza izan zen, 40. aurtengo lehen zortzi hilabetetan 18 indarkeria matxista salaketa jarri dira ibarrean.
Salaketak non
Azken lau urteetan salaketak jartzerakoan emakumezko sakandarren ia lautik hiru (%73,04) Foruzaingora jo du. Gainontzeko %26,96k Guardia Civilera jo du. Sakandarrek batera edo bestera jotzen dute salatzera, baina polizia etxearekiko gertutasuna ere bada salaketa non jarri erabakitzeko arrazoia. Arakil aldeko 25 salaketetatik 14 Guardia Civilean egin dira eta 11 Foruzaingoan. Sakanako beste bi eskualdeetan aldatu egiten da. Ibarraren erdialdeko emakumezkoek jarritako 17 salaketatik 14 Foruzaingoan izan dira eta 3 Guardia Civilean. Eta Burundako 73 salaketetatik 59 foruzainek jaso dituzte eta 14 guardia civilek.
Salaketak udalerrika
Aipatu hiru urte eta erdi pasatxo horietan 115 salaketa jaso dira. Denbora tarte horretan salaketarik ez da egon Irañetan, Arruazun eta Ziordian. Gainontzeko hamabi udalerrietan biztanleria handien duten lau daude salaketen zerrendaren goiko partean: Altsasu %46,09, Irurtzun %16,52, Olatzagutia %10,43 eta Lakuntza %9,57. Beste herrietan bost salaketa edo gutxiago izan dira: Arakil %4,35; Iturmendi %3,48; Arbizu %2,61; Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiain %1,74na eta Uharte Arakil eta Ergoiena %0,87na.
Salaketaren zergatia
Emakumezko sakandarrek lau sexu indarkeria mota salatu dituzte. Salaketa ohikoena, %44,35, indarkeria fisiko eta psikikoa jaso izana da. Indarkeria psikikoa pairatu dute salatzaileen %27,83k. Epaileek jarritako babes agindua urratzeagatik jarritako salaketak %20,87 dira. Azkenik, sexu indarkeriagatik jarritako salaketak daude: %6,96.
Salatuarekiko erlazioa
Salaketen zatirik handienak emakumezkoen bikotekide ohiek, %43,48, eta egungo bikotekideek, %36,52, jaso dituzte. Bien artean salaketen %80 dira. Gainontzeko bostena horrela banatuta dago: bat ere erlaziorik ez zegoen, bestelako erlazio bat zegoen edo beste bizilagun batek eragindako indarkeria %5,22na da kasu bakoitzean eta familiako kide bat %4,35ean izan da salatua.
Adinaren arabera
Emakumezko salatzaileen adinari dagokionez, lehenik eta behin nabarmendu beharra dago bederatzi adin txikikoren salaketak daudela, %7,82. Haietatik seik sexu indarkeria salatu dute, bik babes agindua urratzea eta azkenak indarkeria psikikoa jaso izana. Hiru kasutan ez zuten inolako erlaziorik, bitan bikotekide ohia edo beste bizilagun bat izan da indarkeria erabili zuena.
18 eta 30 urte arteko emakumezkoek 35 salaketa jarri dituzte, %30,43. Haietatik 26 indarkeria fisiko eta psikikoagatik izan dira, launa indarkeria psikikoa jasan izanagatik eta babes agindua urratzeagatik eta salaketa bakarra izan da sexu indarkeriagatik. Salatuarekiko biktimak duen erlazioari dagokionez, hamasei salaketa bikotekideen kontrakoak izan ziren. Beste hamahirutan bikotekide ohia salatu dute, eta bitan familiako bat edo ez zegoen inolako erlaziorik. Eta kasu batean ez dago daturik eta beste batean bizilaguna zen salatua.
31 eta 40 urte artekoek 29 salaketa jarri zituzten, %25,21. Hamaika gizonezko babes agindua urratzeagatik salatu zituzten. Bederatzi indarkeria psikikoa jasan izanagatik eta zortzi tratu txar fisiko eta psikikoak pairatzeagatik. Adin tarte horretako emakumezkoek sexu indarkeriagatik salaketa bakarra jarri dute. Salatuei begiratuz gero, hamabost bikotekide ohia dira eta hamaika bikotekideak. Bi salaketa etxeko beste bizilagunek jaso dute eta bestelako erlazioa zuen bat salatua izan da.
Beste 29 salaketa, %25,21, jarri dituzte 41 eta 50 urte arteko emakumezko sakandarrek. Dozena bat salaketa tratu txar psikikoek eragin dituzte. Hamaika tratu txar fisiko eta psikikoak jasotzeagatik izan dira eta sei babes agindua urratzeagatik. Salatuei dagokienez, hamazazpi salatu bikotekide ohia ziren, eta zazpi egungo bikotekideak. Bestelako harremana zuten hiruk salaketa jarri dute. Kasu batean senide batek jaso du salaketa, eta harekin inolako erlaziorik ez zuen gizonezkoak ere.
51 eta 60 urte artekoen arteko emakumezkoek bederatzi salaketa jarri dituzte, sei tratu txar fisiko eta psikikoak jaso izanagatik eta beste hiru indarkeria psikikoagatik. Haien eragileak seitan egungo bikoteak dira, bi kasutan bikotekide ohiak dira eta bakarrean familiako bat.
Azkenik, 61 urtetik gorako emakumezkoek lau salaketa jarri dituzte; salatzaile zaharrenak 81 urte ditu. Hiru salaketa tratu txar psikikoengatik dira eta bestea babes agindua urratzeagatik. Salaketa jaso dutenak bikotea, bikote ohia, familiakoa eta etxeko beste bizilagun bat izan dira.
Biktimaren jatorria
Sexu indarkeria salatu duten hamar emakumezkotik zazpik, %71,3, Sakanan sortu zen. Gainontzeko salatzaile sakandarren sorterriak honakoak dira: Latinoamerika %13,04, Afrika %9,57, Europa %4,35 eta Asia %1,74.
Salatuen adina
Indarkeriagatik salatutako hiru gizonezko adin txikikoak dira. Bik sexu indarkeriagatik salaketa dute eta besteak indarkeria fisiko eta psikikoagatik. Indarkeria hori familiako bati, etxeko beste bizilagun bati eta batere erlaziorik ez zuten emakumezkoengan eragin zituzten.
18 eta 30 urte arteko gizonezko salatuak 25, %21,73, izan dira. Hamazortzi salaketa tratu txar fisiko eta psikikoak emateagatik izan dira. Babes agindua urratu dute hiruk. Tratu txar fisikoengatik bi salaketa jaso dituzte adin tarte horretako gizonezkoek. Beste bi salaketa sexu indarkeriagatik jarri dizkiete. Hamarna kasutan bikote ohiak eta bikoteak jarri die indarkeriagatiko salaketa. Familiako kide bat izan da salatzailea bitan. Salatzaile eta salatuaren artean ez zegoen harremanik kasu batean, eta kopuru bera bestelako erlazioa zuten batzuen artean. Etxeko beste bizilagun bat ere salatua izan da.
31 eta 40 urte artekoen arteko 32 gizonezko salatu daude, %27,82. Arrazoiei dagokienez, hamahiru salaketa indarkeria fisiko, dozena bat babes agindua urratzeagatik eta psikikoagatik izan dira, zazpi tratu txar psikikoengatik. Salatzailearekiko harremanari dagokionez, hamazortzi bikote ohiaren salaketak dira, eta hamar egungo bikoteenak. Etxeko beste bizilagunek bi salaketa jarri dituzte gizonezkoen kontra. Bat familiako kide baten kontrakoa da, eta salaketa bati buruzko daturik ez dago.
31 salaketa izan dira 41 eta 50 urte arteko gizonezkoen kontra. Haietatik hamabi indarkeria fisiko eta psikikoa eragiteagatik, eta beste hamar tratu txar psikikoengatik. Zortzi gizonezkok babes agindua urratu zuten eta batek sexu indarkeriagatik salaketa jaso zuen. Salatu eta salatzailearen arteko harremanari dagokionez, hamazortzi bikote ohiak ziren eta hamaika egungo bikotekideak. Kasu banatan ez zuten inolako erlaziorik edo bestelako erlazio bat zuten.
51 eta 60 arteko hamabost gizonezko sakandar izan dira salatuak, %13,04. Zortzi tratu txar psikikoak emateagatik, indarkeria fisiko eta psikikoagatik sei eta bakarra babes agindua urratzeagatik. Bi aldeen arteko harremanari dagokionez, bederatzitan egungo bikoteak salatu du, bitan bikote ohia ziren. Familiako kide batek jarri du salaketa kasu batean. Etxeko beste bizilagun batek ere eragin du indarkeria emakumezko baten kontra. Inolako harremanik ez zegoen beste kasu batean ere salaketa izan da. Baita bestelako erlazioa zegoen kasu batean ere.
Azkenik, 61 urtetik gorako lau gizonezko salatu dituzte, %3,47. Bi indarkeria psikikoagatik eta bana tratu txar fisiko eta psikikoagatik eta sexu indarkeriagatik. Bi kasutan salatzailea bikote ohia da, eta beste banatan bikotekidea eta etxeko beste bizilagun bat. Horretaz aparte, erasotzailearen adina aipatzen ez den bost salaketa daude %4,34; hiru indarkeria psikikoagatik eta bi sexu indarkeriagatik. Hiru salaketetan bestelako harremana zuten eta beste bitan bat bera ere.
Erasotzailearen jatorria
Sexu indarkeriagatik salatuen %66,09 sakandarra da eta salatutako gainontzeko gizonezko sakandarren jatorria honakoa da: Afrika %11,3, Latinoamerika %8,7, Europa %7,83, daturik gabe %4,35 eta Asia %1,74.
Seme-alabak tartean
Sexu indarkeriagatik jarritako 115 kasuen %51,31n haurren bat dute salatzaileak eta salatuak, ez kasuen %34,78an ez dago umerik tartean. Seme edo alaba bakarra dago %17,39an, bi salaketen %26,09an, hiru haur kasuen %6,96an eta lau seme-alaba %0,87an. Bestetik, salaketen %13,91n ez dago haurren presentziari buruzko daturik.