Azkenean iritsi zaigu udazkena eta horrekin batera, etxean bero-bero irakurtzeko aukera goxoa.
Hasteko euskarazko bi:
- Ene baitan bizi da, Maddi Ane Txoperena Iribarren gaztearena. Kontakizun honetan Marie da protagonista, zein Parisen ikasketak bukatzen ari den, eta Donibane Lohitzunera doan amonarenera azken memoria lanerako informazio bila. Bien arteko harreman estuak ez dizkio informazio bilaketa lanak erraztuko, eta festa, lana, lagun eta amodioa uztartuz pasako zaio uda Marieri.
- Sotoan gordeak, Miren Gorrotxategirena. Honako hau, eleberri beltza duzu, genero honen zaleendako aproposa. Vianako mahastietan, Arduy upategian zehatz-mehatz, kokatzen da kontakizun hau. Denboran atzera eta aurrera ibiliko da idazlea, tramari intentsitatea emanez; hilketa, bahiketa, heriotza, bikote kontuak, maitaleak… guztiz harrapatuta jarraitzeko behar diren elementu guztiak aurkituko dituzu.
Gaztelerazko bat:
- De ninguna parte Julia Navarroren azkena. Eleberri honetako protagonistak haien identitatearekin amaigabeko gatazka batean bizi dira. Abir Pariseko senideek hartzen dute, gurasoak eta arreba israeldar armadak nola hiltzen dizkion ikusi eta gero. Jacob Baudin soldaduska egiten ari zen israeldar armadak Abirren gurasoak eta senideak hil zituenean, berak aukeratu ez dituen etsaien aurka. Guraso frantsesen semea, etorkin sentitzen da Israelen, eta judutar izaerak dakarkion identitatearekin adiskidetzen saiatu nahian ari da. Harrapatuta sentituko da Abir Parisen, alde batetik familiako giro itogarriagatik eta bestetik askatasuna eskaintzen dion gizarteagatik. Askatasun honen adierazle izango dira bere lehengusina Noura eta Marion. Noura bere aitak inposatu nahi dizkion arauen aurka errebelatuko da eta Abir Marionekin maiteminduko da modu obsesiboan.“De ninguna parte” aukeratu ez dituzten identitateen arabera bizitzera behartuta dauden pertsonaia batzuen istorioa da. Bukaeran, haien bizitzak gurutzatuko dira kontakizunari ezusteko bira emanez.
8 eta 11 urte tartekoendako:
- La casa del árbol 13 pisos, eta jarraian etorri diren beste bost dira Urdiaingo liburutegian azken aldian arrakastatsu. Andy eta Terry zuhaitzeko etxe batean bizi dira; munduko zuhaitzeko etxerik zoragarrienean! Hamahiru solairu dauzka, bola-pista, igerileku garden bat, lurrazpiko laborategi sekretu bat eta “txutxeak” banatzen dituen makina. Zenbat eta pisu gehiago, are eta aukera gehiago egoera bitxietan murgiltzeko: txokolatezko ur-jauzia, dinosauro kume zoo bat, aktiboa dagoen sumendi bat… Edozein gauza gertatu daiteke zuhaitzeko etxe honetan!