Astekoa

Glasgown Ai hau pena guk eta bla-bla-bla

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2021ko aza. 29a, 09:02

Berriki amaitu da Glasgown berotze klimatikoa kari egin den goi bilera, eta emaitzak nola esan... botila ikuskatzearen moduko beste ariketa arrunt bat izan da, alegia, erdi hutsa, heren bat beterik, hiru laurden ardo ondu edo bosten bat ardo mindu; hots, zenbat buru hainbat aburu.

Nolanahi ere den, planetaren bizia eta datozen belaunaldikoen etorkizuna jokoan dagoen honetantxe, klima berotzearen hizpidea hedabideetan eta politikari eta enpresaburuen agendetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. 

Kaleak, ordea, ez daude sobera asaldaturik munduko bazterretan, eta oro har mugimendu ekologistak ez du lortu ekimen eraginkor eta jarraiki bat, Greenpeace, Ekologistak Martxan, Eguzki, Greta Thunberg eta beste eragile askoren jardun adoretsua gorabehera. 

Duela hogeita hamar urte planetaren iraupenaren inguruan egiten ziren hausnarketa eta abisu larriak alarmistatzat eta iluminatuen purrustadatzat hartzen zituen mundu mailako botereak; oso urte gutxian, ordea, arriskuaren larriaz ohartu da komunitate zientifikoa eta neurriak, benetako neurriak eskatu ditu geure espeziearen geroa bermatuko bada. 

XX. mendean aurrerapen teknologiko itzelak lagun, mundu aberatseko gizakiak mugarik gabeko kontsumo festa batean, ondoko belaunaldietako gizakiei puska mardul bat (edo bost seiren) jan die progresoaren izenean.

Eta horratx, honelaxe gaude graziazko 2021 honetan, karbono isuriak nola deuseztu asmatu ezinda, ehun euro ordaindurik milaka kilometroko hegaldiak eros eta kontent egiten ditugularik eta mota guztietako hondakinek gaina hartzen digutelarik. 

Aspaldi samarrekoa zen deshazkundera doan garraiora igotzeko ordua. Garaiz ote gaude oraino?