Azken boladan ia egunero eraso eta indarkeria matxistarekin lotutako berriak ikusi izan ditugu komunikabideetan Euskal Herrian. 2021a amaitzear dagoela, jasotako datuak ez dira batere pozgarriak.
Nafarroan, esate baterako, 2021. urteko urtarriletik irailera bitartean 1.213 salaketa aurkeztu dira; hau da, egunean lau salaketatik gora. Hori gutxi balitz, datuek azpimarratzen dute 2020. urtearekin alderatuz salatzaileen %40 29 urtetik beherakoak direla, eta erasotzaileen %71k 30 urte baino gehiago dituzte. Beraz, adinaren aldagaia adierazgarria da, baina ez da eragina izan dezakeen aldagai bakarra: adina, jatorria, baldintza materialak, klasea eta bestelakoak askotan erabakigarriak izan daitezke indarkeria sufritzeko orduan.
Esaterako, Nafarroako Gobernuko lanaren inguruko azken txostenaren arabera, langabezian erregistratutako hamar pertsonatik sei emakumezkoak dira. Baina, soldatapeko enpleguaz ez ezik, zaintzak emakumeen gain diraute. COVID-19ak eragindako egoeran emakumezkoak izan dira ondorio latzenak jasan dituztenak; bai langabeziari, bai familiako edo bestelako pertsonen zaintzaren ardurari dagokionez.
Horrelako datu eta zenbakiez gain informazioa edukiko dugu egun hauetan, baina ezin ahantz dezakegu emakumeen aurkako indarkeria zuzenetarikoa gizonezkoek eragiten dutela, eta horiek gure inguruko senideak, lagunak, ezagunak, lankideak… izan daitezkeela. Hor jarri beharko genuke fokua. Hala ere, indarkeriak baditu hamaika aurpegi, eta estrukturala denez, esparru guztietara zabaltzen da.
Beraz, egiturazko aldaketak behar dira, munduko biztanleriaren erdiak indarkeriarik gabeko bizitza duin eta bizigarriak merezi dituelako.
Gauzak horrela, azaroaren 25aren inguruan antolatutako mobilizazioetan eta jardueretan parte hartzera animatzen zaituztegu.