Basoitxin haritz amerikarraren hainbat lursail arrasean moztu ondoren, hausnarketa batzuk partekatu nahi ditugu zuekin.
Argi denez, udal planaren asmoa da Basoitxiko amerikar pinu eta haritz guztiak moztea. Hori eginen balitz, herritik gertu dauden 27 hektareako baso landarediaren zati handiena ezabatuko litzateke. Eta, adituen arabera, 25-50 urte inguru itxaron beharko genituzke zuhaitzez berriz gozatzeko.
"Esku-hartze bakarra" beharko lukeela argudiatuz, Nafarroako Gobernuaren teknikoek horrelako prozedura zorrotz eta muturrekoaren alde egiten dute, oihanean eta gainerako ekosisteman izan daitezkeen ondorio kaltegarriak kontuan hartu gabe.
Duela ehun urte inguru, Basoitxi baso labore gisa sortu zen, baina, denboraren poderioz, ezinbesteko lekua bilakatu da jende askorentzat, aisialdirako arnasgune paregabea: landarediaren hostozabaltasun edertasunarengatik, hurbiltasunarengatik eta irisgarritasunarengatik altsasuar askorentzat Central Park moduko bat bilakatu da.
Badakigu izaki bizidun askoren biziraupena haien arteko hartu-emanen menpe dagoela; eta Basoitxiko zuhaitzak horren parte direla. Zuhaitz zaharrenek gazteei eskaintzen diete babesa, landare berriak sortzeko.
Amerikar haritzaren mozketa mendiarentzat onuragarria dela diote batzuek; hala ere, badaude bestelako garapen progresiboa ezartzen duten errespetuzko birsortze era organikoak.
Komunitate osoarentzat ondorio erabakigarriak dituen gaia izanik, mozketa masiboa gelditzea eskatzen dugu; horri buruzko eztabaida eta herri-kontsulta bat egiten dugun bitartean.
Bukatu aurretik Plegaria al Árbol idatzia irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, hamarkada batzuk dira udaletxeko osoko bilkuren aretoan ikusgai dagoena. Egin dezagun bizitzeko gogoa ematen duen herri eder baten alde.