Astekaria

Geroa Bai koalizioak hamargarren urteurrena bete du

Guaixe 2021ko aza. 29a, 11:40

Koaliazioko ordezkariak kongresuan. GEROA BAI

Gobernu barruan Nafarroako autogobernua, euskara edo aniztasuna zaintzen duen indar gisa aldarrikatu du Geroa Baik bere burua.

Geroa Baik 10. urteurrena hilaren 20an ospatu zuen. Koaliziotik adierazi zuten hamar urtetan elkarrizketaren aldeko apustua egin dutela, eta, “anbizioarekin, kontsentsurako ahalmena” erakutsi dutela. Koalizioko bozeramaile Uxue Barkos Berruezoren irudiko, jarrera hori ezinbestekoa da autogobernuaren defentsan. Geroa Bai indartzeko lan eginen dutela gaineratu zuten. Barkosek azpimarratu du oso garrantzitsua dela mugimendua indartsu egotea Nafarroako agenda propioa ezartzeko

Ekitaldiak koalizioak lortutako baloratzeko balio izan zuen, bai eta jasotako babesa eskertzeko eta “ezberdinen arteko elkarrizketan, elkar ulertzean eta lanean” oinarrituriko jardun politikoaren jarraitasunaren aldeko apustua egiteko ere. “Hamar urte ez dira asko, ziurrenik oso gutxi dira erakunde politiko baten historian, baina gutxik ager dezakete Geroa Baik frogatutako indarra, duintasuna eta gaitasun demokratikoa”. Barkosek ziurtatu zuenez, gaur egun “aldaketak aurrera tinko jarraitzen du Geroa Bairen eskutik eta hala jarraituko du Nafarroako politikan irmotasunez jarraitzen dugun bitartean”, animatu du, aldi berean koalizioaren “zintzotasuna, inteligentzia eta emaitzak” aldarrikatuz.

Geroa Bai Nafarroako Parlamenturako 2019ko hauteskundeetan Sakanan babes gehien jaso zuen bigarrena izan zen: 3.641 boto (% 34,49). Koalizioko kide Unai Hualde Iglesias altsasuarra da Nafarroako Parlamentuko presidentea. Udal hauteskundetan Geroa Bai bi herrietan aurkeztu zen eta, hala ere, hauteskunde horietan babes gehien jaso zuten hautagaitzen artean bigarrena izan zen. Altsasuko Udalean gehiengo osoarekin agintzen du (9 zinegotzi) eta Ziordian 3 zinegotzi ditu.