Seigarren urtez Navarra Capital argitalpenak Foru Erkidegoko nekazaritzako elikagaien industriako Alimenta Navarra sariak banatu zituen. Tuteran atzo egindako ekitaldian Arakilgo bi enpresek lortu zituzten sariak. Harivenasak iraunkortasunari saria jaso zuen. Enpresak olo deribatuak eta beste zereal batzuk ekoitzi eta merkaturatzen ditu, eta Etxarrenen lantegia egiten ari da. Enpresako gerente Alberto Loizatek azpimarratu zuenez, “Alearekin, gure markarekin, zerealak ekoizten ditugu izen abizenekin, mundu jasangarriago eta osasungarriago bat sortzeko”. Jakinarazi zuenez, “lehengaia bertako nekazariena da, Etxarrengo lantegiaren inguruan 100 kilometroko erradioan daudenak”. Argitu zuenez, Etxarrengo ekoizpen zentro berria 2022ko lehen hiruhilekoan martxan jarriko dute. Hura egiteko 45 milioi euro inbertitu dituzte. Horrek ekoizpena nabarmen haztea ahalbidetuko die, egungo 70.000 tonatik 120.000ra pasako baita (+%71,4). Aurrerago 150.000 tonara iristeko lehen pausoa izanen da (+%114,2).
Alberto Loizate sariarekin.
Lacturaleko lehendakariak, Juanma Garrok, Enpresa Ibilbidearen eta Garapen Pertsonalaren saria jaso zuen. Garro aitortzarekin pozik agertu zen, eta bere gurasoei eskaini zien; “beti egin izan dut esan zidatena”. Lanbidez lankide dituenen eta gertukoen babesa eskertu zuen. Garrok, sektorearen izenean, sarien galan izan ziren agintariak eta enpresa-ordezkariak interpelatu zituen: “gogor lan egin dezazuen eskatzen dizuet, nekazariek eta abeltzainek bizitza duina izan dezagun”. Ildo horretan, abeltzaintzako negozioei erreferentzia egiteko erabiltzen dituzten kontzeptuak aldatzea hasiera puntu on bat dela azpimarratu zuen: "Mesedez, utzi gure abeltegiei ustiategi deitzeari".