Urte bat barru Euskaraldia bete betean izanen da, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa masiboa. Ez dago hura iritsi arte zain egon beharrik hizkuntza praktikak aldatzeko. Are gutxiago Euskaltzaleen Topaguneak Haurren aurrean, helduak heldu ekimena astelehenean hasi eta abenduaren 5era arte iraunen duenean. Baina nahi beste luzatu daiteke. Topagunetik azaldu dutenez, “umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea da helburua. Baina ez haurrei hitz egiterakoan, baizik eta helduak beraien artean hitz egiten dutenean”.
Euskaltzaleen Topaguneak 0 eta 12 urte arteko umeen familia kideei, senideei eta gertuko helduei (gurasoak, senideak, hezitzaileak, zaintzaileak…) zuzendu die ekimena. Zehaztapena ere egin dute, “helduak esatean, 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari gara”. Umeen eredu diren helduen euskarazko portaerak bultzatuta, haurrek euskaraz hitz egitea normaltzat hartzea eta hizkuntza portaera hori barneratzea, hori da ekimenaren helburua. Topagunetik gaineratu dutenez, “helduen arteko hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatzea da asmoa. Izan ere, familia da sozializatzeko lehen taldea eta hori da, gerora, familiaz kanpoko harremanetarako umeen oinarria”.
Horregatik, Euskaraldian bezala, portaerak sozializatzen jarraitu eta herritarren praktiketan integratzea da ariketaren helburua, arau sozial bihur daitezen. Azken finean, “Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak. Hiru oinarri ditu. Lehenik, solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz hitz egitea (euskaldunak euskaldunari euskaraz). Bigarrenik, lehen hitzak euskaraz egitea ezezagunei eta euskaraz ulertzen duten ezagunei. Eta, hirugarrenik, hizketakideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badu, euskarari eutsi, elkarrizketa elebiduna izateko.
Sakanan
Euskal Herriko makina bat herrik bat egin dute Haurren aurrean, helduak heldu ekimenarekin. Etxarri Aranazko Udaleko Euskara Batzordeak ekimenarekin bat egin du. Hilaren 4an bilera irekia egin zen, batez ere, gurasoei eta euskalgintzan aritutakoei zuzendua. Bertan sortu zen guraso taldeak antolatu du egitaraua. Andra Mari ikastolak, San Donato eskolak eta Danbolintxulo haur ludotekak ere bat egin dute kanpainarekin.
Aipatu egitaraua igandean abiarazi zuten etxarriarrek. Eguerdian estalopean elkartu ziren gurasoak eta haurrak. Han auzolanean irudiak egin eta haiekin plaza apaindu zuten. Ondoren, Etxarri Kantuz kalejiran aritu zen. Larunbatean izanen du segida egitarauak. 12:30ean herriko erraldoien konpartsa kalera aterako da, udaletxe aurreko plazara. Ordu erdiko saioaren ondoren, margotzeko txokoa egonen da. Egitaraua abenduaren 5ean despedituko da. 17:30ean Anaitz Igoa Goñi eta Joxe Aldasoro Jauregiren Rolihlahla albumaren aurkezpena eginen da kultur etxean; horretarako, istorioa, ilustrazioa eta kontaketa uztartuko dituzte. Gonbidapenak www.etxarriaranatz.eus webgunean edo udaletxean jaso daitezke. Hura despedituta, kultur etxeko estalopean txokolate jana egonen da.
Ikastetxeak
Ibarreko gainontzeko herrietan ez da batzorderik sortu, baina ikastetxe batzuk ekimenarekin bat egin dute. Lakuntzako eskola publikoan Haurren aurrean, helduak heldu ekimenaren leloarekin haurrek eskumuturrekoak egin zituzten. Haiek etxera eraman eta gurasoei jarri zizkieten, kanpainak irauten duen bitartean jantzita izan dezaten. Gainera, gurasoek kanpainaren berri ematen zuen oharra era jaso dute. Olatzagutiko eskola publikoak gurasoak bilerara deitu zituen, ekimena azaltzeko eta parte hartzera gonbidatzeko. Kanpaina bazetorrela gogorarazteko gurasoei ostiralean eskolan bertan egindako bideoa pasa zieten sare sozialen bidez. Asteartean eta asteazkenean ikasleek euskararen erabileraren aldeko pankarta handiak eta kartelak egin dituzte, eta pankartak herrian barna jarri dituzte (parke eta plazetan) eta herriko denda eta tabernetan kartelak jartzen ibili ziren.
Gainera, Haurren aurrean, helduak heldu ekimenaren leloarekin lepokoak egin dituzte ikasleek. Astearteetan Olatzagutian azoka eguna dela baliatuz, ikastetxea utzi eta hara joan ziren aste honetan, eta hala eginen dute hurrengoan. Han abestu eta lepokoak olaztiarren artean banatuko dituzte. Olatzagutiko eskola publikoak heldu den ostegunean despedituko du ekimena. Frontoian talde guztiak elkartuko dituzte eta bakoitzak zerbait eginen du, dela kantatu, del txisteak kontatzea… Guztia euskaraz. Ekimena despeditu ondoren, eskolatik gurasoak bilerara hots eginen dituzte, ekimenaren balorazioa egiteko.
Azkenik, Iñigo Aritza ikastolak ere bat egin du Haurren aurrean, helduak heldu ekimenarekin. Hasteko, guraso eta irakasleek hartutako hainbat konpromisorekin bideoa egin dute eta ikastolako komunitatearen sare sozialen bidez zabaldu dute. Ikastolako komunitateko helduek hartutako konpromisoen artean dagoeneko betetzen dituzten batzuk daude: euskaraz bizitzea, euskal kultura sustatzea, euskara ez dakiten guraso batzuek agurrak euskaraz esan eta etxeko euskararen eskaintza zabaltzea edota jolas parkeetan gurasoak eragile bihurtu haurrak euskaraz aritu daitezen. Kanpainaren kartelak ikastetxeetako sarrera-irteeretan ikus daitezke. Kanpaina aurretik programatua zuten Euskararen Egunaren bueltan antolatutako egitarauaren barruan sartu dute.